Datozen asteetan ekingo diete Literatur Solasaldiei
Donostia Kulturako liburutegi eta kultur etxeetan helduentzako antolatzen dituzten Literatur Solasaldiak hasiko dituzte laster. Irailetik abendura, hainbat doako saio egingo dituzte hilabetero, Liburutegi Nagusian eta Aieteko, Egiako, Ernest Lluch (Amara), Intxaurrondoko, Lugaritz (Antigua), Okendo (Gros) eta Tomasene (Altza) kultur etxeetako liburutegietan. Osasun krisia dela eta, aretoetako edukiera murriztu egin dute, eta segurtasun eta garbitasun neurriak “bereziki” zainduko direla jakinarazi dute arduradunek.
Donostia Kulturaren liburutegiek hilabetero irakurketa-zerrendak proposatzen ditu literatur solasaldietan lantzeko. Hilero egiten diren solasaldi horiek aditu bat izan ohi dute gidari lanetan.
Donostia Kulturaren webgunean egoitza bakoitzeko agenda eta solasaldian parte hartzeko baldintzak jasotzen dituztela jakinarazi dute antolatzaileek. Era berean, Donostiako liburutegien sareko bazkideek, Donostia Kulturako kideek eta Euskadiko Irakurketa Publikoko kideek maileguan eskatu ditzakete solasaldietan irakurriko diren liburuak. Zenbait kasutan liburuak eLiburutegia plataformatik deskargatzeko aukera egon daitekeela gaineratu dute.
Liburutegi Nagusia
Liburutegi Nagusiko San Jeronimoko aretoan, esaterako, solasaldiak lau hizkuntzatan egingo dituzte: euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez. Gainerako kultur etxeetako solasaldiak urrian hasiko direla azaldu dute, eta jakinarazi dute informazioa eskuragarri dagoela Donostia Kulturaren webgunean, baita zentro bakoitzean ere.
San Jeronimo aretoko euskarazko solasaldien dinamizatailea Iñigo Aranbarri izango da, eta irailaren 15ean Mary Shelley-ren Frankenstein: edo Prometeo modernoa irakurriko dute, 19:30ean.
Gaztelaniazko taldearen dinamizatzailea, berriz, Amaia Garcia da, Bookhunterblog blogaren egilea. Iraileko solasaldia 29an izango da, eta Buhomil Hrabal idazlearen Una soledad demasiado ruidosa irakurriko dute, 19:30ean.
Ingelesezko solasaldiak, aldiz, Donostia Book Club taldeak antolatzen ditu, eta Slawka Grabowskak dinamizatzen ditu. Lehen solasaldia irailaren 14an izango da Bret Easton Ellis idazlearen Less Than Zero liburuaren inguruan; 19:45ean.
Azkenik, frantsesezko taldearen dinamizatzailea Miren Garmendia da, eta lehenengo solasaldia urriaren 5ean izango da, Negar Djavadi idazlearen Desorientale liburuaren inguruan, 19:00etan.