Kontsumo bonuen %70 salduta amaitu da tokiko merkataritzari laguntzeko kanpaina
Koronabirusaren krisiaren kalteak pairatzen laguntzeko, hiriko merkataritza txikia laguntzeko plan ekonomiko bat garatu zuen udalak apirilean, eta Donostia Market Plaza plataforma izan da plan horren erdigunea. Saltoki txikiak laguntzeko kanpaina maiatzaren 27an abiatu zuten, 28.960 kontsumo bonu salgai jarrita. Herritarrek hamalau euroren truk eskuratu zitzazketen bonuak, eta egitasmoarekin bat egin zuten saltokietan –366 establezimendu– erabil zitzaketen, hogei euroko balioarekin; hau da, udalak beste sei euroak jartzen zituen. Merkataritza kanpaina bonuen %70 salduta bukatu da, eta udalak balorazio positiboa egin du. Guztira, 20.264 bonu saldu dituzte, 405.280 euroko balioarekin; establezimendu bakoitzak 80 bonu zituen, eta 173 izan dira euren bonu guztiak saldu dituzten saltokiak. Erositako bonuak 2021eko martxoaren 14ra arte ahal izango dira erabili.
Enrique Ramos Ekonomia Bultzatzeko zinegotziaren arabera, kanpaina honekin argi gelditu da “herritarrek tokiko merkataritzaren sustapenean parte hartzen dutela, sektore hori babesten duten kontsumo erabaki indibidualak hartuz, merkataritza elektronikoa plataforma global handien bidez hedatzearen aurrean”. “Badakigu lehentasuna beti izango dela arreta fisikoa, lokalean, dendan edo tabernan, baina hori Interneten presentzia ezartzeko edo indartzeko aukera ere bada, eta hori ezinbestekoa da hilabete hauetan”, gaineratu du PSE-EEko zinegotziak.
Plataformaren etorkizuna
Udalak azaldu du Donostia Market Plaza plataforma bigarren fasean dagoela une honetan, eta nabarmendu du e-commerce plataforma bat izango dela etorkizunean. Hau da, Donostiako merkataritza establezimendu txikiek euren produktu eta zerbitzuak haren bitartez jarri ahal izango dituzte eskuragarri. Udalaren arabera, hainbat abantaila izango ditu saltoki txikientzat plataforma horretan parte hartzeak: euren merkatu naturala hiritik harago zabaltzea, ustiapen kostuak murriztea, sustapen bateratua izango dute eta Internet bidezko jarduerak ez du ordutegien edo egunen araberako mugarik izango, bezeroek edozein unetan erabil baitezakete plataforma.