Porrontxo jaiak bertan behera utzi dituzte
Irailaren 14tik 20ra ziren egitekoak Egiako Porrontxo jaiak, baina koronabirusa dela eta, bertan behera uzteko erabakia hartu du jai batzordeak. “Egungo egoeran, auzoan edozein motako jai edo jende masifikazioak ekarriko lukeen ekitaldi edo ospakizunik burutzea arduragabekeria handi bat izango zela iruditzen zaigu. Gertu ditugu duela hilabete batzuetako egun beltzak, eta ez dugu horren buelta sustatzeko inongo intentziorik”, azaldu dute antolatzaileek.
Era berean, udan zehar hiriko gainontzeko jai herrikoiek egin duten moduan, udalak eurekiko izandako jarrera salatu dute: “Komunikazio saiakerak erabat hutsalak izan dira, eta euren hitz zatarrez gain, ez dute inolako laguntza prestutasunik adierazi”. Bestalde, azken hilabeteetan ideiak proposatu dituzten, bileretara joan diren eta laguntza eskaini dieten auzotar guztiei eskerrak eman dizkie jai batzordeak.
Porrontxo jairik izan ez arren, jaietan aldarrikatzen dituzten balioak urte guztian zehar aldarrikatzera animatu dituzte Egiako bizilagunak: “Auzotar oro, eta bereziki kuadrillakide oro, irribarre egitera gonbidatzen dugu. Aspaldiko lagunekin hitz egin, normalean lotsa ematen dizun pertsona hori konfiantza osoz agurtu eta gurekin ez daudenetaz oroitu. Zabaldu ditzagun jaietan hartu ohi ditugun ohitura onak urte osora!”. “Konturatzerako, 2021eko irailean egongo gara, berriz ere Porrontxo eta Porrontxarekin kaleak alaitzen”, gehitu dute.