Bertako produktu ekologikoen azoka egingo dute larunbatean Bulebarrean

Donostiako XIX. Azoka Ekologikoa egingo dute larunbatean, irailaren 5ean, Bulebarrean. Urtero antolatu ohi dute azoka hori udan, eta oraingoan, Donostialdeko eta Euskal Herriko 22 ekoizle ekologikok jarriko dituzte euren produktuak salgai; besteak beste, sasoiko barazki ekologikoak, olioa, txerrikiak, marmeladak, kontserba begetalak, ogia, eta gazta eskuratzeko aukera izango da.
“Azoka honetan dauden produktu guztiek bi ezaugarri berezi izango dituzte: modu ekologikoan eta bertan ekoitziak izan dira”, azaldu dute antolatzaileek. “Horrek esan nahi du natura, animaliak eta pertsonen osasuna errespetatuz ekoitziak izan direla. Gaur egungo egoeran, inoiz baino garrantzitsuagoa da bertako produktu ekologiko osasuntsuen aldeko apustu egitea”, gaineratu dute. Azokaren antolatzaileak dira Biolur elkartea, Behemendi eta Donostia Kultura. Halaber, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua (Ekolurra), Gipuzkoako Fori Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak lagundu dute, eta Donostiako Udalak babestu egin du.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, COVID-19a dela eta, EAEn egin ohi diren hamazazpi merkatu ekologikoetatik hamar besterik ez dituzte antolatu aurten. Bulebarrean larunbatean egingo duten azokan, erakundeek markatutako segurtasun neurri guztiak bermatuko direla baieztatu dute, “lasaitasunez ibili ahal izateko”; hala nola, postuak ondo bereizirik egongo dira, jendearen joan etorrerak kontrolatzeko lurrean markak jarriko dira, erosleek marka hori gainditu ez dezaten, eta distantziak mantenduko dira. Gainera, postu guztietan gel hidroalkoholikoa jarriko dute, bisitariek eta ekoizleek erabiltzeko.