Haurtxokoetan, gaztelekuetan eta Martuteneko kultur etxean egingo dituzten murrizketak salatu dituzte
Haurtxokoetako, gaztelekuetako eta Etxarriene Martuteneko kultur etxeko langileak haserre daude, aurtengo pleguetan izandako murrizketak direla eta. Hori dela eta, protesta egin dute gaur goizean udaletxe aurrean.
Izan ere, abuztuaren 6an udalak ateratakoaren arabera, aurrekontuak 400.000 euro gutxiago izango ditu, aurrekoan baino %40 gutxiago, alegia. Pleguek subrogazioa jasotzen badute ere, langileek euren kezka azaldu dute, aurrekontuko diru kopuruarekin lanpostu guztiak mantentzea zaila delako, euren ikuspuntutik. Gainera, ordu kopuruak ere behera egingo du: jardunaldi luzekoek 33 ordu egin ordez 26 egingo dituzte, eta gainontzekoek 21 ordu egin ordez 16. Aurrekontua eta orduak murrizteaz gain, Parte Zaharreko gaztelekua itxi dutela nabarmendu dute.
Bestalde, pleguak jasotzen du alarma egoera berri batean 44 langiletatik 38ren lanpostua bermatzen dela, beste seiekin zer gertatzen den definitu gabe eta, euren hitzetan “kaleratzeko atea zabalik utziz”.
Bileraren zain
Langileek jakinarazi dutenez, pleguak atera eta sei egunetara Gazteria departamentura idatzi zuten euren kezkak eta desadostasunak helarazteko. Erantzuna abuztuaren 18an jaso zuten: gaia aztertzeko Gazteriako talde osoak egon beharko zuela esan zieten, alegia, irailera arte itxaron beharko zutela. Hori dela eta, abuztuaren 21ean bilera data ezartzeko eskatu zuten, baina oraindik ere erantzunaren zain jarraitzen dute. Erantzunik ezean, mobilizazio berriak antolatzeko prest daudela adierazi dute.