"Lehentasuna hezkuntzaren irizpide berdintzailean eta aukera berdintasunean egon beharko litzateke"
Sindikatuek hainbat mobilizaziotara deitu dute datozen asteetan. Irailaren 10ean elkarretaratzea eta irailaren 15ean grebak aurreikusten dira. Simon Setien (Añorga, 1993) Lehen Hezkuntzako ingeles irakaslea da eskola publiko batean, eta aurten, gainera, eskolako koronabirusaren aztarnaria ere izango da, Eusko Jaurlaritzaren protokoloak irudi hori izendatzeko deialdia jasotzen duenez gero.
Greba eta beste hainbat mobilizaziotara deitu dute sindikatuek. Zergatik?
Nik uste dut grebaren arrazoiak argi geratzen direla: ez direla kondizio egokiak ematen kurtso hasierarako. Protokoloek eta kontingentzia-planek segurtasun eta neurri oso zehatzak eskatzen dizkigute. Neurri hauek betetzea ezinezkoa da. Izan ere, aipatutako plan guztiak kontraesanez beterik daude. Hori da arrazoietako bat. Gainera, ez dugu ahaztu behar 2009tik, murrizketa prozesuetatik, ez dela langile publikorik berreskuratu irakaskuntzan.
Nire iritziz, grebak bere arrazoiak ditu. Baina uste dut, grebarako baino, sentsibilizazio eta bestelako aldarrikapen kanpainak egiteko unea dela. Lehentasuna hezkuntzaren irizpide berdintzailean eta aukera berdintasunean egon beharko litzateke. Izan ere, familia eta ikasle askok eskola behar dute gizarteratzeko eta euren hezkuntza eskubidea jasotzeko. Lan telematikoak, aldiz, ez du hori bermatzen.
Lanean ari zarete dagoeneko. Zein da giroa irakasle gelan?
Ziurgabetasuna ageri da, eta lan egiteko kondizio aproposak ez izatea. Frustrazio handia sentitzen dugu. Protokoloek eta kontingentzia-planek esaten dutena ezin dugu bete. Izan ere, kontraesan ugari dituztela ikusten ari gara eta horrekin ezin dugu aurrera egin. Gainera, ez dugu gutxi gorabeherako programa txukunak diseinatzeko aukera topatzen. Bilera mordoa egiten ari gara horiek ulertu eta nola gauzatu definitzeko, baina hala ere ez dugu lortzen. Beraz, eskoletara itzultzeko erabakia hartu denez gero, itzuliko gara. Baina ezin dugu bermatu protokoloek eskatzen duten guztia beteko dugunik.
Aipatutako guztiak kontuan izanda, finkatu duzue nola gauzatuko dituzuen protokoloak?
Bai. Langile bakoitzak bere aldetik egingo du ekarpena. Alegia, ordu erdi lehenago sartu beharko gara eta ordu erdi beranduago atera. Hori ez digu inork ordainduko. Hala ere, hori egiteko erabakia hartu dugu uste dugulako, pandemia egoera honetan, langile publikook gizarteari zor diogula gure konpromiso eta profesionaltasun guztia. Horrez gain, protokolo eta kontingentzia-planak ahalik eta hobekien jarraitzen saiatuko gara, nahiz eta badakigun akatsak egingo ditugula eta malguak izan beharko dugula aldaketak egiteko. Bestalde, eskolako koronabirusaren aztarnaria definitu dugu dagoeneko. Niri egokitu zait papera.
Zer egin behar du eskolako koronabirusaren aztarnariak?
Kutsatuak daudenean, protokoloa martxan jartzen duena. Esaterako, gela batean kutsatutako norbait badago, mapa bat egin beharko du jakiteko norekin egon den kontaktuan. Era berean, familiarekin eta Jaurlaritzarekin harremanetan jarri behar du, koronabirusaren hedapena eteteko.
Gurasoekin bilerak hasi dituzue?
Bai, ikasturte hasierakoak. Azalpenak ahalik eta azkarren egiten saiatuko gara, gurasoek euren galderak egin eta euren ardurak plazaratzeko aukera izan dezaten. Dena den, hirugarren mailan, esaterako, aurrerago egingo dugu.
Zenbat ikasle dira zuen eskolan?
Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza kontuan hartuta 500 eta 800 ikasle bitartean, gutxi gorabehera.
Dagoeneko badaukazue eskolak etxetik emateko esperientzia. Zein zailtasun topatu zenituen?
Esan bezala, topatu nuen zailtasun handiena dela hainbat ikasle eta familiak bene-benetan eskola behar dutela, eskola baita erakunde bakarra berdintasuna eta hezkuntza eskubidea bermatzen duena. Umeek behar dute, baina baita familiek ere. Bestela kontziliazioa ez da posible. Beste zailtasun bat baliabideak izan dira. Norberak bere ordenagailutik lan egin behar izan du, etxeko Internet konexiotik. Nik, esaterako, gehiago ordaindu behar izan dut konexio egokia izateko. Gainera, ordu gehiago sartu behar izan ditugu. Eta koordinatzeko zailtasunak ere izan genituen, askotariko arrazoiengatik.
Ikasleen euren kezkak edo berldurrak jakinarazten zizkizueten nolabait?
Ikasleek baino, gurasoek. Lehen Hezkuntzako hirugarren mailakoei lotutakoak., esaterako. Une horretan irakurketa eta idazketa prozesua barneratzen dute ikasleek, eta egonkortu egiten da. Norbera bere etxetik ari zenez, arkatza eta papera erabiltzeari utzi behar izan genion, eta gailu digitalak erabiltzen hasi ginen. Horrek, haurren ezagutza garapen psikomotorean eta kognitiboan eragina du.