Realak 2-0 galdu du Vila-realen aurkako lagunartekoa
Reala eta Vila-real aurrez aurre aritu ziren atzo Valentzian, txuri-urdinek denboraldi-aurrean jokatu duten hirugarren lagunartekoan, eta 2-0 irabazi zuten etxekoek. Realak hamabi baja zituen, tartean Oiartzabal, Merino, Isak, Silva eta Januzaj, eta ordaindu egin zuen.
Hain justu, norgehiagokaren lehenengo minutuan Le Normandek huts egin eta baloia Chukwuezeri eman zion area barruan, ondoren Coquelinek markagailua irekitzeko. Aurrerago, beste akats bat egin zuten atzelari txuri-urdinek, eta Moi Gomez area barruan erori zen; epaileak penalti adierazi zuen, nahiz eta ez zen halakorik izan. Alcacerrek Moya gainditu zuen hamaika metroetatik.
Gol baten eta bestearen artean, Imanolen mutilak Unai Emeryren taldea baino hobeto aritu ziren, baina ez zuten markagailua mugitzea lortu. Besteak beste, Porturi penalti egin zioten, baina Asenjo atezainak Willian Joseren jaurtiketa gelditu zuen hankarekin. Bestalde, Realaren hamabi bajetara Monreal gehitu behar zaio, min hartuta joan baitzen lehenengo zatian.
Bigarren zatian, Imanolek harrobiko jokalari gazte ugari atera zituen zelaira, eta irudi ona eman bazuten ere, ezin izan zioten partidari buelta eman. Bukaera aldera, Moyak valentziarren hirugarren gola ekidin zuen, geldiketa bikoitz batekin.