Txomiñeneko jaiak bertan behera utziko dituztela iragarri dute auzotarrek

Txomin Eneako Jai Batzordeak eta Lanberri Auzo Elkarteak igorritako ohar baten bitartez eman dute erabakiaren berri: irailaren 4tik 6ra egitekoak ziren auzoko jaiak, baina bertan behera uztea erabaki dute.
“Urtez urte, gogor lan egiten dugu Txomiñeneko lagun guztiok auzoko jaiez gozatu ahal izateko. Hala ere, COVID-19a dela eta, jaietako parte hartzaile guztion segurtasuna bermatzea ezinezkoa dela ikusten dugu, eta horregatik hartu dugu erabaki hori. Dena den, jarduera sinboliko batzuk egitea gustatuko litzaiguke”, adierazi dute oharrean.
Horrela, “jai sinbolikoak” egiteko hiru jarduera proposatu dituzte. Alde batetik, leihoak eta balkoiak apaintzeko dei egin dute, eta horien argazkiak auzo elkarteari bidaltzeko eskatu dute. Bestetik, “Haur topaketa” deituriko jarduera bat antolatu dute: “auzoko umeek udaran edo jaietan bizi izandako unerik onenen berri izan nahi dugu, idazlanen, marrazkien edo komikien bidez”, azaldu dute antolatzaileek. Azkenik, Famili Play back jarduera proposatu diete auzotarrei: “Zure gustuko talde edo abestiren baten playback-a egin eta bidali. Familian egiten baduzue, askoz hobeto!”, idatzi dute oharrean.
Grabatutako bideoak eta egindako argazkiak elkartearen helbide elektronikora (lanberri.txomin@gmail.com) bidaltzeko eskatu dute, baita elkartearen Facebook-eko profila etiketatuz (Lanberri Txomin Enea).
Amaitzeko, honako hausnarketa helarazi nahi izan dute Txomiñenekoek: “Alde batetik, aurten jaiak bertan behera uztea erabaki tristea izan da, baina baita erantzukizunetik hartutakoa ere: ezin dugu pilaketarik sustatu, eta auzoko jaiak denok elkarrekin gozatzeko unea izan behar dutela uste dugu. Bestetik, Donostiako Udalak jarritako trabek ere eragina izan dute gure erabakian. Halaber, auzoko jaiak antolatzeko baimen eta diru-laguntzarik ematen ez zuten bitartean, Udalak “ez-Aste Nagusiko” 24 eguneko egitarau bat antolatu zuela ikusi genuen. Egoera ikusita, auzoetan jaiak antolatzea guztiz ezinezkoa izan da. Laster jaietako zapi eta kamisetak berriro jantziko ditugulakoan, unea iritsi arte, zaindu dezagun elkar”.