Woody Allenek Donostian grabatutako filmaren kartela aurkeztu dute
Woody Allen zinemagile estatubatuarrak iazko udan Donostian grabatutako Rifkin’s Festival filmaren kartela aurkeztu du The Mediapro Studio ekoiztetxeak. Jordi Labanda ilustratzaile katalanak diseinatu du kartela, eta Zinemaldia ate joka dagoenean aurkeztu dute, Allenek filmak inauguratuko baitu 68. Zinemaldia (irailaren 18tik 26ra izango da).
Kartelean filmeko lau aktore nagusiak ageri dira, Maria Cristina hoteleko terrazan zerbait hartzen, atzean Zinemaldiko logoa, jaialdira etorri den jendea eta kazetari batzuk dituzten bitartean. Ezkerretik eskuinera, Louis Garrel, Gina Gershon, Wallace Shawn eta Elena Anaya dira ageri diren aktoreak. Labanda Allenen proiektuan parte hartu izanarekin “oso eskertuta” agertu da hedabideei bidalitako, eta zinemagilearen obrak asko eragin diola aitortu du.
Rifkin’s Festival Zinemaldian girotuta dagoen komedia erromantiko bat da, eta Allenek iazko udan grabatu zuen Donostian eta hiriaren inguruetan. Batzuek oso harrera ona egin zioten zinemagileari, baina beste batzuen artean, aldiz, hautsak harrotu ziren. Allenek hirian izan zuen eragina aztertu zuen hedabide honek iaz, erreportaje batean.