"Arraun lagunak zer egiteko gai den erakutsi nahi dugu"
Aurtengo Kontxako estropada laugarrena izango da Nerea Txokarro arraunlariarentzat, eta Donostia Arraun Lagunak prest dago estropadaz gozatu eta udan izandako zailtasun guztiei aurre egiteko. Denboraldi gorabeheratsua izan dute aurten. Izan ere, itxialdi ostean, koronabirusak bitan kolpatu du taldea.
Aurten ez da zalerik izango Kontxan zuek animatzeko. Nola sentitzen zara horrekiko?
Pena handia ematen dit. Gainera, uda osoa egon gara ikuslerik gabe, eta badirudi entrenamendu bat dela. Baina, nire ustez, gogorrena Kontxan izango da. Politena izateaz gain, arrapalatik jaisten zaren unetik zure inguruko guztiak eta zaleak hor izaten dituzu. Eta aurten bakarrik egongo gara.
Zein helburu duzue aurtengo estropadan?
Gure helburua beti da ahalik eta hoberen egitea, eta noski, bandera hor dago. Baina, kasu honetan, Kontxaz gozatu nahi dugu, udan izandako zailtasun guztiei aurre egin eta Arraun Lagunak zer egiteko gai den erakutsi. Asmatu behar dugun arren, uste dut psikologikoki oso une onean gaudela.
Koronabirusak kolpatu ondoren, sailkatze estropadan itzuli zineten lehiaketara. Nolakoa izan zen itzulera?
Sailkatzea lortu genuen eta hori zen azken batean gure helburua. Gainera, bagenekien ETE ligatik indartsu zetozela, eta hala izan zen. Baina kontuan izanda guk bi itxialdi pasa ditugula, pozik gaude emaitzarekin.
Nolakoa izan da denboraldia zuentzat?
Hasiera-hasieratik, oso gogorra izan da. Urtea primeran hasi genuen eta denboraldi polita zetorren. Baina koronabirusa iritsi zenean dena hankaz gora jarri zuen. Estropadak hasi zirenean sustoa hartu genuen, eta gauzak ez ziren atera hasiera batean espero bezala. Gainera, hainbat kasu izan ditugu taldean. Hala ere, nire ustez, itxura txarra zuen horri buelta eman genion. Aurre egin diogu egoerari. Taldea gehiago batu da, elkarri lagundu baitiogu une zailetan ere, eta nire ustez garapen positiboa izan dugu. Orain, Kontxara begira, nahiz eta uretako une asko galdu ditugun, pozik eta indartsu gaude, baita positibo ere.
Nola eragin dizuete COVID-19 kasuek?
Lehenengoa, niretzat, gogorragoa izan zen, baina uste dut buelta eman geniola eta itzulera txukuna egin genuela. Bigarrenaren ondoren, planteatu genuen ea aurrera jarraitu edo ez. Baina denek argi izan genuen aurrera jarraitu behar genuela eta dena emanda.