Arraunzaletasuna gailenduko da
Arraun munduan bandera preziatua izateaz gain, Kontxak badu beste zerbait berezi egiten duena: kaleko giroa. Kantauri alde osotik milaka zale gerturatzen dira estropada ikustera eta hiriko arraunzale askorentzat aparteko eguna izaten da, familia artean eta lagunekin gozatzekoa. Aurten, berriz, koronabirusak euren ohiturak egokitzera derrigortu ditu. Gehienek etxetik ikusi beharko dute. Arraunaz gozatzeko modu desberdinak topatuko dituzte.
Uda honetan ere, arrauneko epaile lanetan aritu da Haizea Fernandez. Alegia, dagoeneko badaki zer den koronabirusaren garaian epaile izatea. «Lan ikuspuntutik, ez da asko aldatu. Egia da lehorreko azpiegituratan bai eragin duela. Esaterako, epaileen gelan. Baina hori da dena, normalean zaleak izan edo ez presioa ez delako aldatzen». Bai irailaren 6an baita 13an ere Kontxako estropadan epaile izango da. «Egia da niretzat, epaile moduan, estropada bat gehiago izaten dela, baina ez ikusleentzat, Kontxa ez delako estropada soil bat», azpimarratu du. Eta, ondoren, gehitu du: «Horregatik, aurten, estropadaren ikuspuntutik, Kontxa berdina izango da, baina estropadaz kanpoko ikuslerik eta girorik ez izateak pena apur bat ematen digu arrauna gustuko dugun guztioi», nabarmendu du.
Izan ere, koronabirusak askotariko neurriak hartzera derrigortu ditu antolatzaileak. Besteak beste, estropada jarraitzeko leku estrategikoak itxi dituzte: Pasealeku Berria, Urgull mendia, eta Santa Klara uhartea. Aitor Iltzarbek (Intxaurrondo, 1996) eta bere familiak uhartetik ikusi ohi dituzte betidanik igandeetako estropadak. Hamasei lagun inguru biltzen dira. «Uhartera doan lehen itsasontzia hartzen dugu, eta beti zelai berean jartzen gara, mahai berean. Estropadak ikusteaz gain, jolasean, jaten eta ondo pasatzen ibiltzen gara», kontatu du gazteak. Apustuak ere egin ohi dituzte. «Irabazten duenak erronda ordaintzen du».
Estropada eremuaren beste aldean, Urgullen, jende ugari izaten da Kontxako Banderaren egunetan. Jon Anzak (Bidebieta, 1990) han ikusi ditu behin baino gehiagotan
igandeetako estropadak. Zaletasuna familiatik datorkio, eta baita San Pedrokoa izatea, amaren familia izatez hangoa baita. «Gazteagoak ginenean gehiago bilatzen genuen parranda giroa, eta estropada aitzakia izaten zen. Egun, nahiago dut Urgulletik bertatik ikusi edo telebistatik, eta ondoren Parte Zaharrera joan. Hala ere, ez dugu asko antolatzen, urteren batean izan ezik», kontatu du Anzak. Igandeko estropadaz gain, sailkapen estropada jarraitzeko ohitura du Anzak. «Ikustera joatea gustatzen zait. Portutik jarraitu ohi dut, beti irratia, papera eta boligrafoarekin, denborak apuntatzeko. Aitonak irakatsi zidan hala egiten», kontatu du Anzak.
Aurten, berriz, bai Anzak bai Iltzarbek etxetik jarraituko dute «Pena da, gure kasuan, estropadaz gain, familian
egoteko egun berezia delako. Gainera, ikusita orain Donostiarra ondo dabilela eta urtetan jandakoa bueltan ematekoa zela pena are handiagoa sentitzen dut», aipatu du Iltzarbek. Dena den, aurten ere familiarekin ikusiko du. «Batzuk etxean geratuko dira eta beste batzuk amonaren etxera joango gara ikustera. Eta elkarri zirikatuko diogu Whatsapp bitartez», esan du Iltzarbek. Izan ere, bera eta aita Donostiarrakoak badira ere, Zarautz, San Juan eta beste hainbat trainerutako zaleak dira. «Gu ere familian elkartuko garela pentsatzen dut. Gainera, azkenaldian igandero elkartzen gara, eta hori aprobetxatuz, bermuta hartu eta estropadak ikusiko ditugu».
Kaiko sototik etxera
Sari banaketa ere ez da ohi bezalakoa izango. Garaileek badian jasoko dute bandera, eta ez arrapalan. Dena den, oro har Kaiko sarrera mugatuko dute. Soilik han bizi diren pertsonek, langileek eta komertzioetara joan nahi duten pertsonak sartu ahalko dira, baina autoak ezin ez sartu ez aparkatu. Kaiko 13. zenbakiaren ondoan sotoa du Iñaki Auzmendiren (Antigua, 1952) emaztearen familiak. «Nire emaztearen familia Kaian jaioa da, eta han bizi dira egun ere. Betidanik izan dute arraun eta itsaso zaletasuna», azaldu du Auzmendik.
Donostiarra eta Arraun Lagunak babesten dituzte, eta urteak daramatzate estropada igandetan sotoaren aurrean dagoen arkupean biltzen. «Emaztearen ama eta izeba hasi ziren garai batean honekin, eta ondoren guk hartu genuen erreleboa. Sototik mahai batzuk ateratzen ditugu arkupera. Pintxoak prestatu eta jan, eta sagardo eta txakolina edaten ditugu», adierazi du Auzmendik. Goizean, familiakoez gain, kuadrillakoak ere gerturatzen dira. Guztira 50 bat izaten dira. «Bazkaltzeko, aldiz, familiakoak bakarrik geratzen gara, hogei bat», argitu du. Estropadei dagokienez, batzuek telebistan eta beste batzuek Aquariumetik ikusten dute, baina oro har gustuko dute arrapalara gerturatzea traineruak nola jaisten dituzten ikusteko.
«Aurten ezingo dugu sotoa erabili. Etxean zerbait egingo dugu agian. Baina edozein kasutan talde txikitan», esan du penaz.
Taberna itxita
Antolatzaileek arraunzale guztiei luzatu diete etxean geratzeko deialdia. Honen ondorioak tabernek ere pairatu beharko dituzte. Maite Agote Haizea tabernako arduradunetako bat da, eta Kontxako Bandera egunean gainezka egon ohi da. «Igande honetan itxi egingo dugu, eta hurrengoan ikusiko dugu. Edozein kasutan, geure tabernan hamazazpi pertsona besterik ez dira sartzen egungo neurriekin, eta ez da erosoa pertsona bat izatea nor sartu daitekeen eta nor ez kontrolatzeko. Horrela lan egitea zaila da», azaldu du.
Pena ematen dio, egun horretan lan egitea bereziki gustatzen baitzaio. «Gainera, oso arraunzaleak gara etxean betidanik», nabarmendu du. Tabernako paretek agerian uzten dute zaletasuna. Izan ere, arraunari lotutako argazki ugarik apaintzen dute Haizea. «Bakoitzak traineru bat du gustuko», kontatu du. Bera San Pedrokoa da, senarra Donostiarrakoa, alaba Hondarribikoa, eta semea Oriokoa. «Eta Lupe —tabernan ere aritzen dena— San Juangoa».
Elkarri zirikatzeaz gain, bezeroekin ere hala aritzen dira Kontxako igandeetan. Garai batean, denon arteko apustuak ere egiten zituzten. Baina arreta egokia eskaintzea zailagoa izaten zenez, bertan behera utzi zituzten. Hala ere, arrauna jarraitzeko aukera eskaintzen diete oraindik bezeroei «Urtero-urtero datozen kuadrillak ditugu. Gainera, ikusten dituzuean, badakizu Libia pintxoa eskatuko dutela», aipatu du. Nekora oskolean doan txangurru pintxoa da. «Duela hogeita bost urte, pintxoa sortu genuenean, bezero batzuei eman genien probatzeko. Garai hartan Libia ondo zebilen, eta bezeroei galdetu genienean zer iruditu zitzaien, esan ziguten izugarri ona zegoela, eta Libia izena eduki zezakeela. Eta nik, San Pedro gustuko dudanez, hala gelditu zen izenarekin», esan du.
Aurten ere itsasotik
Koronabirusa dela eta, itxierak eta murrizketak ez dira soilik lehorrean ezarriko. Izan ere, kapitaintzak iragarri duenez, beste portuetatik estropadak ikustera datozen ontziek, kanpoko ziabogen atzetik egin beharko dute, eta traineruen azken luzean ezingo dituzte jarraitu. Are gehiago, bai irailaren 6an, bai 13an, soilik Donostiako portuan amarratzeko tokia duten eta badian ainguratutako ontziak egon ahal izango dira badia barruan, 09:00etatik 13:00ak arte. Betiere euren tokian ainguratuta egon beharko dute, eta estropada eremuko kanpo mugetatik 50 metrora. Bestela esanda, portuan dauden gainontzeko itsasontziek ezingo dituzte estropadak badian ikusi, eta badian amarralekua dutenek ere euren ohiko tokitik ikusi beharko dituzte.
Naroa Larruskainek (Intxaurrondo, 2003) zortea izan du. Bere familiaren belaontzia Donostiako badian dago
amarratua eta, ondo bidean, aurten ere handik jarraitu ahal izango dituzte estropadak. Larruskain Hondarribiaren jarraitzailea da, amaren familia bezala, haren lehengusua traineruko arraunlari izan baitzen. «Normalean, goizean goiz itsasontzira joaten gara. Han lehengusina txikiak izaten dira, baita aitaren osaba ere. Harena da belaontzia», esan du. «Hamar pertsona inguru biltzen gara, hamaiketakoaz gozatu eta estropadak ikusteko», kontatu du Larruskainek. Estropada ondorengo plana, aldiz, egokitu beharko dute. «Elkarte batera joaten gara bazkaltzera, eta aurten hori ezingo dugu egin», nabarmendu du.
Beraz, aurten, inoiz baino gehiago, Kontxako Banderako arreta guztia estropada-eremuan izango da. Nesketan, lehenengo txandan, Arraun Lagunak, Tolosa, San Juan eta Hondarribia arituko dira; bigarrenean, berriz, Donostiarra, Orio, Hibaika eta Zumaia. Irutxuloko Hitzak ezin izan ditu gizonezkoen emaitzak argitaratu, edizio hau ixtear zenean gizonezkoen sailkatze estropada ez zelako jokatu.