Astelehenean itzuliko da Plaza Berrira Egiako Azoka Txikia
Koronabirusaren aurrean hartutako konfinamendu neurriek ondorio negatibo ugari izan dituzte herritarrengan. Egian, aldiz, itxialdiak eskainitako aukerak aprobetxatu dituzte egitasmo berri bat sortzeko: astelehenero, Egiako Azoka Txikia egiten hasi ziren Plaza Berrin.
Udan egindako geldialdiaren ostean, astelehenean itzuliko da azoka txikia auzora, eta antolatzaileek jakinarazi dutenez, ekoizle berriak izango dira han. Ekainean lau ekoizlek eskaintzen zituzten bere produktuak: Larreta esnekiek (Orendain), Aranburu oilategiak (Zizurkil), Eguzki Leire okindegi artisauak (Amezketa), eta Igeldoko Esneak. Orain, aldiz, Mirian Otxotorenaren gaztak eta Mendiko ardoak ere izango dira eskuragai.
Hortaz, astelehenean, hilaren 7an, Egiako Azoka Txikia auzora itzuliko da, 18:30etik 20:00etara. Egia Bizirik auzo elkarteak honako helbide elektronikoa jarri du eskuragai, zalantzak eta proposamenak jasotzeko: egiakoazokatxikia@ni.eus. Antolatzaileek gogoz ekingo diote denboraldi berriari, eta honakoa adierazi dute: “Mundua aldatu behar dela argi dugu denok. Has gaitezen gertutik!”.