"Ez dakit zer gertatuko den nire bizitzarekin"
Victoria Noriega Bentaberrin bizi da duela 22 urtetik hona, Eusko Jaurlaritzarenak ziren babes ofizialeko etxeetako batean. Etxebizitza promozio hori, ordea, Testa-Blackstone putre funtsarena da gaur egun, eta Noriega kaleratu nahi dute, lau kuota ordaindu ez izanagatik. Noriegak pentsio xumea dauka, eta ordaindu ahal izango duen apartamentu txikiago bat eskatu dio enpresari, baina honek etxegabetzearekin aurrera jarraitzen du. Donostiako Udala putre funtsarekin negoziatzen ari da, baina momentuz ez dute adostasunik lortu.
Zein da zure etxegabetzearen egoera une honetan?
Etxegabetzea irailaren 9rako ezarri zuten, baina epaiketa bat egon zen eta ezerezean gelditu zen data hori, udala putre funtsarekin negoziatzen ari delako.
Beraz, ziurgabetasun handia dago, ezta?
Bai, ez dakit zer gertatuko den. Nik ez dut ordaintzea ukatzen, ordaindu dezakedan apartamentu bat eskatzen ari naiz. Duela hilabete arte nire beharretara egokitzen den apartamentu bat eskainiko zidatelako itxaropena nuen, baina orain ez dut hain argi ikusten.
Zein da zure egoera ekonomikoa?
Kontua ez da lanik gabe gelditu naizela eta ez daukadala diru sarrerarik, nik 900 euroko pentsioa daukat. 61 urterekin erretiratu nintzen, 15ekin hasi nintzelako lan egiten, eta pentsio xume hori daukat. 22 urte daramatzat etxebizitza honetako kuotak hilabetero ordaintzen, baina 900 euro kobratzen dituzunean 800 euroko kuota ordaindu behar baduzu, ez zaizu ezertarako iristen. Nire etxebizitzak hiru logela dauzka, eta nik ez dudanez horren etxe handia behar, urteak daramatzat apartamentu txikiago bat eskatzen, ordaindu ahal izango dudana. Auzokook badakigu putre funtsak izan dituela 400-550 euroko apartamentu txikiak hutsik, baina ez didate halakorik eman nahi.
Nola ari da eragiten zure bizitzan?
Oso urduri nago. Min asko egin dit hasieratik, pentsatzen duzulako bizitza guztia etxe batean pasako duzula, baina ez. Duela 22 urte, nik estreinatu nuen etxe hau, pixkanaka nire gustura jartzen joan nintzen eta hemen egin dut bizitza. Lehentasuna etxea ordaintzea izan da beti, eta orain, 63 urterekin, ez dakit zer gertatuko den nire bizitzarekin.
Etxegabetzea atzeratzen ari da, baina noiz bukatuko zaizu kontratua?
Kontratua azaroaren 30ean bukatuko zait, eta esan didate ez didatela berrituko. Hau da, etxegabetzea atzeratzen ari denez, ez didate kontratua berrituko eta etxetik botako naute; ezkutuko etxegabetze bat izango da. Bizilagun askori ere urte amaieran bukatuko zaie kontratua, eta nire kasua ikusita, beldurtuta daude.
Ez da ahaztu behar etxebizitza horiek babes ofizialekoak zirela.
Eusko Jaurlaritzaren promozio batekoak ziren, baina higiezinen agentzia batek hartu zituen orain dela urte batzuk, eta Testa-Blackstone putre funtsa sartu zen duela hiru urte; jabetzaren %61 dauka, beraz nahi duena egiten du.
22 urtez ordaindu ondoren, zergatik kaleratu nahi zaituzte?
Beti justu samar ibili naiz, baina hilabetero ordaindu dut. Iaz, ordea, ustekabeko gastu batzuk izan nituen, eta ezin izan nituen lau kuota ordaindu: apiriletik uztailera. Ondoren, etxegabetze demanda iritsi zitzaidan, eta Kaleratzeak Stop plataformarekin eta Alokairu elkartearekin hitz egiten hasi nintzen. Horrelako kasu gehiago egon dira gure inguruan, baina ez dira publiko egin, jendeak ezer esan gabe alde egin duelako senide edo lagunen baten etxera. Nik, ordea, ezin dut inora joan.
Orain ordaintzen ari zara?
Kontatu dizudana gertatu ondoren, etxean nituen hainbat bitxi eta neure beste hainbat gauza saldu nituen, ordaintzen jarraitu ahal izateko. Hau da, 2019ko apirileko, maiatzeko, ekaineko eta uztaileko kuotak zor ditut, baina uztailetik 2020ko urtarrilera arte hilabetero 800 euro ordaintzen jarraitu dut. Ordutik, apartamentu batengatik batez beste ordainduko nukeena ordaintzen ari naiz, 450 euro. Hainbat mezu elektroniko bidali dizkiegu: besteak beste, nire diru sarrerak adierazteko, gure inguruan egon diren apartamentu hutsak erakusteko eta horietako bat niri emateko eskatzeko. Baina ez dago modurik. Gainera, kontratu hau bukatzen zaidanean zazpi urteko kontratua egin behar didate, baina ez dute nahi.
Zergatik ez dute nahi?
Legez beste zazpi urteko kontratua egin behar didate, baina ordaindu ez dudala aitzakia moduan hartuta, ez dute nahi. Kontua da zazpi urte barru etxebizitza horiek libre gelditzen direla 75 urtez, eta ziur merkatu libreko prezioa jarriko dietela. Lursaila Eusko Jaurlaritzarena da, baina ni seguru nago jaurlaritzak lursaila ere salduko diola putre funtsari.
Nola doaz udalaren negoziazioak?
Udala oso ondo portatzen ari da, akordio bat bilatzen ari baita putre funtsarekin, baina honek ez du horrelakorik egin nahi. Eusko Jaurlaritza, ordea, oso gaizki portatu da. Bilera bat egin genuen beraiekin, baina ardurak gainetik kendu zituzten. Nik adostasun batera heldu nahi dut, ezin dudalako horrela jarraitu; goizean eta gauean pilulak hartzen ari naiz.
Lehen esan dizudan moduan, duela hilabete arte irabazteko itxaropena nuen, baina orain ahalik eta azkarren akordio batera iritsi nahi dut. Alokairukoek animoak ematen dizkidate garaipenaren bila jarraitzeko, nire kasuak aurrekari garrantzitsu bat ezarri dezakeelako. Izan ere, gainontzeko bizilagun askori niri gertatzen ari zaidana gertatu ahal zaie urte batzuk barru. Putre funtsak, ordea, bere planekin jarraitzen du, eta ez du adostasun batera heltzeko prestutasunik agertzen. Azken finean, etxebizitzak beraienak dira, eta nahi dutena egin dezakete; lehenengo erruduna Eusko Jaurlaritza da, etxebizitza publiko batzuk horrelako enpresa bati saltzeagatik, ez dago eskubiderik. Gainera, bere garaian esan ziguten hamabi urteren buruan etxebizitzak erosteko aukera emango zigutela, baina ez digute aukera hori eman, eta 22 urte hauetan hipoteka batengatik ordainduko genukeena baino gehiago ordaindu dugu.
Pikete bat egitera iritsiko zarete?
Ez dut iritsi nahi, baina badakit babes handia izango dudala.
Kasu gehiago daudela aipatu duzu.
Jende asko bota dute, eta ezer ordaindu ezin dezaketen hainbat familia daude; beraz, kasu gehiago egongo dira. Nik behintzat zerbait ordaindu dezaket, baina ez dut ulertzen zergatik ez didaten apartamentu txikiago bat eman nahi. Nire ustez, zazpi edo zortzi urte barru hemengo bizilagun guztiak botatzeko eta hotel bat edo horrelako zerbait egiteko asmoa dute.
Gizartearen babesa sentitzen duzu?
Oso babestua sentitzen naiz. Gainera, jendeak hedabideak asko irakurtzen ditu, eta gero eta jende gehiagok adierazten dit elkartasuna.