Kalerik zabalena, Antso erregearentzat
Donostiako agintariak XII. mendeko Antso VI.a ‘Jakituna’ Nafarroako erregearekin zorretan sentitzen ziren 1950ean, eta bere izena jarri zioten Amarako Zabalguneko kale nagusiari. Gaur egun, hiriko kale nagusienetako bat da, eta adimentsua izango da laster.
Donostia Urumea ibaiari espazioa kentzen hasi zen 1870ean, eta 1950ean estreinatu zuen Amarako Zabalgunea, Mendeurrenaren plazatik Anoetara zihoana, gaur egun Amara Berri gisa ezaguna. Zabalgune berria estreinatuta, hiriak aspalditik zuen zorra kitatzeko aukera ikusi zuten garaiko agintariek: Antso Jakitunaren izena jarri zioten auzo berriko hiribide nagusiari.
Hain zuzen, Antso VI.a Jakituna Nafarroako Erresumako erregea izan zen Donostiari hiri gutuna eman ziona, XII. mendean, 1180. urtearen inguruan. Horregatik, 1900. urtean, udalak erabaki zuen monarka jakitunari Donostian kale bat eskaintzea. Hala egin zuen 1902an, Beti Jai zirku zaharretik Iñigo kaleraino zihoan kale txiki eta ilunari Antso Jakitunaren izena jarrita.
Kale hori, ordea, ez zen ia kale bat ere, eta agintariak Nafarroako errege jakintsuarekin zorretan sentitzen ziren. Horregatik, justizia egiteko asmoz, Antso Jakitunaren izena jarri zioten 1950etik aurrera hiriko hiribide nagusienetako bat izango zenari.
Horretaz gain, hiriaren 800. urteurrenaren harira, Nafarroako erregearen omenezko monumentu bat egiteko lehiaketa antolatu zuen udalak. Bi proiektu saritu bazituzten ere –Manuel Urkola arkitektoak Joaquin Lucarini eskultorearekin aurkeztutakoa eta Iturriaga arkitektoarena–, monumentua ez zen inoiz egin. Monarkaren omenezko kaleak, ordea, hor dirau.
Eraberritze prozesua
Antso Jakitunaren hiribideak Donostiako kale nagusienetako bat izaten jarraitzen du gaur egun, eta Donostia Turismoren arabera, hiriko kalerik zabalena izateko ohorea dauka. Gainera, are zabalagoa delako sentsazioa emango du laster. Izan ere, bakoitien aldeko bankuak eta jardinerak kentzen ari dira, oinezkoek leku gehiago izan dezaten.
Horretaz gain, hiriko hirugarren Smart kalea izango da Antso Jakitunaren hiribidea, led argiko farolak, bankuetan mugikorrak kargatzeko USB sarrerak eta pertsona zenbatzaileak jarriko baitituzte. Errege jakitunaren hiribidea adimentsua izango da orain, hori bai patuaren kapritxoa.