"Nahiago dugu estropada egitea, horrela bada ere"
Irati Merkaderrek gogotsu eta indartsu ikusten du taldea Kontxako Banderara begira. Koronabirusa dela eta denboraldi arraroa izan bada ere, datorren urtean are hobeto ibiliko direla nabarmendu du.
Nolakoa izango da zalerik gabeko Kontxa zuretzat?
Izugarrizko tristura eragiten du dena hutsik egotea eta jenderik ez ikusteak. Baina, egoera kontuan izanda, estropada egiteko modu bakarra da hau. Eta nahiago dugu estropada egitea, horrela bada ere, egin gabe geratzea baino. Niri behintzat, pena handia emango lidake egingo ez balitz.
Zein helburu duzue Kontxako Banderan?
Gure bertsiorik onena erakutsi nahi dugu, eta goiko postuetan geratzea da gure helburua. Lehenengo postuaren bila goaz, baina ea zer ateratzen den.
Taldea indartsu dago?
Bai. Sentsazioak onak dira oro har, eta uste dut azken asteetan geroz eta hobeak direla gainera. Oso ondo entrenatzen ari gara. Bestalde, nik uste dut egoera honek lagundu digula elkarrengandik gertuago sentitzen eta guztiak bat izaten.
Nolakoa izan da aurtengo denboraldia?
Arraro samarra izan da nire ustez, batik bat koronabirusagatik. Esaterako, blokea egiteko denborarik ez dugu izan. Bestalde, nabaritu dugu arraunean kilometroak egitea falta zaigula. Baina egoeragatik ezin izan dugu besterik egin. Hala ere, nire iritziz, denboraldia ondo atera dugu aurrera. Izan ere, jarritako helburuak bete ditugu eta elkarri indarra ematen saiatu gara ahal izan dugun heinean.
Zure bigarren urtea da taldean.ç
Hala da. Ni duela zazpi urte hasi nintzen arraunean. Joan den urtean lehen aldiz aritu nintzen gazte kategorian lehian. Hain zuzen ere, kategoria horretara iristen zarenean traineruan ere lehian hasi zaitezke. Une honetan, beraz, aulki mugikorreko eta aulki finkoko txapelketetan aritzen naiz. Dena den, ni ez naiz bakarra. Neska talde bat gara horrela ibiltzen garenak.
Taldean aldaketak izan dira. Nola ikusi duzu oro har?
Joan den urtean oso talde gaztea ginen. Oraindik ere horietako askok taldean jarraitzen dugu, baina aurten San Juaneko neska batzuk etorri dira, eta behar genuen esperientzia puntua eman diote taldeari. Eta nik uste dut datorren urtean, egoera hobetzen bada behintzat, datorren urteari begira are hobeto ibiliko garela, maila altuagoan lehiatzen.