Realak Euskal Herria Txapelaren finala jokatuko du larunbatean
Realak denboraldi-aurrea itxiko du asteburuan, larunbatean jokatuko dituen bi lagunartekoekin. Hain justu, Alavesen aurka jokatuko du goizean (11:30ean), Zubietan eta Osasunaren aurka gauean (20:30ean), Anoetan. Osasunaren aurkako lagunartekoa IV. Euskal Herria Txapelaren finala izango da; aurreko denboraldian euskal derbietan puntu gehien atera dituzten bi taldeen artean jokatzen da final hori eta txuri-urdinak (16 puntu) eta gorritxoak (14 puntu) izan dira 2019/2020 denboraldiko Euskal Herriko talderik hoberenak.
Norgehiagoka koronabirusaren aurkako neurri guztiekin jokatuko dute, eta Lizarrako San Jeronimo eta Zestoako San Juan zaharren egoitzetako langileak omenduko dituzte partidaren hasieran. Finala zuzenean ikusi ahal izango da, ETB1 telebista katearen bidez.