Sportjam Surf Test skate eta surf azoka egingo dute asteburuan Kursaalean
Iaz egin zuten moduan, Sportjam Surf Test skate eta surf azoka egingo dute asteburuan Kursaaleko terrazetan, eta tokiko zein nazioarteko hogei bat postu izango ditu. Postu horietan, bereziki skatearen eta surfaren inguruko produktuak ikusi ahal izango dira, baina baita bizikleten eta skimboardaren ingurukoak ere, besteak beste. Gainera, bisitariek edozein produktu probatu ahal izango dute, hirian zehar edo zuzenean uretan; erabilera bakoitzaren ondoren, produktuak desinfektatuko dituzte arduradunek. Produktuak probatu ahal izateko, bisitariek probak egiteko eskaera egin beharko dute azokari hasiera eman ondoren, han bertan edo azokaren webgunean. Ostiralean 16:00etatik 20:00etara egongo da zabalik, larunbatean 11:00etatik 20:00etara eta igandean 11:00etatik 19:00etara.
Aurtengo berritasun nagusia ur bizikletak izango dira. Red Shark Bike etxeak Amorebietan ekoizten ditu, eta paddle surf taulen antzeko itxura duen oinarri puzgarri baten gainean bizikleta koadro berezi bat jarrita egiten dituzte. Ur bizikletek hondartzetan, ibaietan edo lakuetan ibiltzeko aproposak dira. Horretaz gain, surfa eta argazkilaritza uztartzen dituen plataforma bat aurkeztuko dute, baita surfaren munduan adimen artifizialak egin dituen aurrerapenak ere, besteak beste.