Donostiarrako emakumeak bigarren izan dira Kontxan, Oriotik 2 segundo eta 22 ehunenekora
Arraun Lagunak hirugarren izan da eta Ohorezko Txandan arituko da lehian. Gizonezkoetan, Hondarribia izan da nagusi, eta Donostiarrak seigarren postua lortu du.
Gozatzeko moduko estropada izan da lehen igandeko Kontxako Bandera. Emakumezkoetan Orio izan da garaile, baina Donostiarra gertu izan du amaieran: 2 segundo eta 22 ehunenekoko aldea lortu du soilik San Nikolasak. Arraun Lagunak hirugarren izan da eta, ondorioz, Ohorezko Txandan arituko da lehian datorren igandean. Gizonezkoetan, aldiz, Hondarribia gailendu da, bueltako luzean egindako erakustaldiaren ostean. Donostiarra, aldiz, seigarren izan da, 31 segundora, eta Kontsolazio Txandan lehiatuko da irailaren 13an.
Lehia bizia emakumezkoetan
Emakumezkoen bi txandetan biziak izan dira lehiak. Orio eta Donostiarra bigarren txandan irten dira, hirugarren eta bigarren kalean, hurrenez hurren. Zumaia izan da lehen kalean, eta Hibaika laugarrenean. Torrekua aurretik jarri da estropada hasieran, eta lau segundora ere izan ditu oriotarrak, baina badiatik kanpora oriotarrak apurka hurbiltzen joan zaizkio, eta ziaboga elkarrekin eman dute. Atzerago, 12 segundora eta parekatuta, Hibaika eta Zumaia iritsi dira. Bueltako luze hasiera-hasieratik Orio aurretik jarri da, eta zortzi segundora ere izan ditu donostiarrak. Baina badiara sartu orduko, Torrekuak berriz ere gerturatzea lortu du, eta elkarrengandik gertu sartu dira bi traineruak, nahiz eta Orio nagusitu den. Hibaika izan da hirugarren eta Zumaia laugarren.
Lehen txandan ere, tira-biraka aritu dira Tolosaldea —bigarren kaletik—, Arraun Lagunak —hirugarren kaletik— eta Hondarribia —laugarren kaletik—. Kanporako bidean, Tolosaldea aurretik zihoan, eta Hondarribia ere aurretik zuen talde donostiarrak. San Juan —lehenengo kalean— berehala geratu da atzean. Ziabogara tolosarrak iritsi dira lehenak, eta Hondarribia eta Arraun Lagunak hiru eta lau segundoko diferentziarekin ailegatu dira. Barruko luzean Arraun Lagunakek biak aurreratzea lortu du, eta azkenean eurak izan dira txandako garaileak. Tolosaldea bigarren geratu da, Hondarribia hirugarren, eta San Juan laugarren.
Emakumezkoen estropadako sailkapen orokorra ondorengoa izan da:
- 1. Orio: 11.10.26
- 2. Donostiarra: 11.12.48 (+2.22)
- 3. Arraun Lagunak: 11:23.86 (+13.60)
- 4. Tolosaldea: 11:27.80 (+17.54)
- 5. Hondarribia: 11:28.60(+18.34)
- 6. Hibaika: 11.31.52 (+21.26)
- 7. Zumaia: 11.39.82 (+29:56)
- 8. San Juan: 11:51.14 (+40.88)
Hondarribia nagusi
Gizonezkoen estropada, berriz, desberdina izan da. Denbora onena egin duten lau estropadetatik hiru bigarren txandan aritu dira, alegia, Zierbena —bigarren kaletik—, Hondarribia —hirugarren kaletik—, eta Orio —laugarren kaletik—. Cabo —lehen kaletik— ere txanda honetan aritu da, baina lehiatik kanpo geratu da segituan. Joaneko luzean lehenengo hiruak elkarri etengabe aurreratzen aritu dira. Ziabogara denbora berdinean sartu dira Hondarribia eta Zierbena, eta segundo batera bakarrik Orio. Bueltako luzean, aldiz, Orio apurka-apurka atzean geratzen joan da. Zierbena lehenengo izan da une batean, baina Ama Guadalupekoak aurreratzea lortu duenean, bizkaitarrek eutsi besterik ezin izan dute egin, baita ondo eutsi ere. Izan ere, bueltako luze bikaina egin du Hondarribiak. Bizkaitarrak bigarren sartu dira, Orio hirugarren, eta Cabo laugarren.
Lehenengo txandan, aldiz, Santurtzik —lehen kaletik zihoana— joaneko luzean bertan hartu die aurrea Urdaibairi —bigarren kaletik— eta Donostiarrari—laugarren kaletik—, baita Zarautzi —hirugarren kaletik— ere, segituan atzean geratu baita azken hau. Sotera hasieratik bukaerara izan da lehenengo txandako onena. Baina lortutako denborak banderako lehiatik urrun utzi ditu bizkaitarrak. Ohorezko Txandan lehian aritzeko aukera izango dute behintzat. Urdaibai izan da lehen txandako bigarrena, Donostiarra hirugarrena, eta Zarautz laugarrena.
Gizonezkoen estropadako sailkapen orokorra ondorengoa izan da:
- 1. Hondarribia: 19:47.30
- 2. Zierbena: 19:55.45 (+7.92)
- 3. Santurtzi: 20:06.66 (+19.36)
- 4. Orio: 20:10.92 (+23.54)
- 5. Urdaibai: 20:17.00 (+29.70)
- 6. Donostiarra: 20:18.30 (+31.00)
- 7. Cabo: 20:38.22 (+51.00)
- 8. Zarautz: 20:57.54 (+1:10)