62 pertsona identifikatu eta pertsona bat atxilotu dute Infernuan egindako polizia operazio batean
Donostiako Udalak jakinarazi duenez, Udaltzaingoak, Ertzaintzak eta Espainiako Polizia Nazionalak polizia operazio bateratua egin dute Ibaetako Infernua eremuko pabiloi batean. Udalaren arabera, Udaltzaingoak ziurtatu du azken hilabeteotan Antigua-Ibaeta-Errotaburu zonan lapurretak, bereziki bizikleten lapurretak, igo egin direla, baita pabiloi horretan bizi ziren pertsonen artean hainbat liskar izan direla ere. Horregatik egin dute polizia operazioa, lapurtutako objektuak berreskuratzeko eta pabiloiko pertsonak identifikatzeko.
Goizeko lehenengo orduan abiatu dute operazioa, eta 11:00ak aldera bukatu dute. 62 pertsona identifikatu dituzte, bi adin txikiko abegi zentro batera eraman dituzte, desagertuta zegoen adin txikiko bat atzeman dute eta pertsona bat atxilotu dute urruntze agindu bat urratzeagatik. Era berean, hamahiru pertsona Espainiako Polizia Nazionalaren esku utzi dituzte, atzerritarren legea urratu ote duten aztertzeko, eta hala bada, neurriak hartzeko. Horretaz gain, Udaltzaingoak lapurtutako 30 bizikleta atzeman ditu, baita lapurtutako beste hainbat objektu ere.