Igara errekan ur beltzen isurketa bat izan dela salatu du Eguzkik
Eguzki talde ekologistak salatu duenez, ur beltzen isurketa bat gertatu zen joan den ostiralean Igara errekan. Talde ekologistak ohar batean azaldu du gertatutakoa, eta nabarmendu dute “askotariko jatorrietako isurketak” maiz gertatu ohi direla erreka horretan.
Ostiralean gertatutakoari dagokionez, errekaren urak “kolore marroixka” hartu zuela salatu dute, eta gorotz-usaina nabarmena zela gehitu dute. Eguzkikoen ustez isurketaren jatorria Ibaetako ur beltzen ponpaketarako estazioan izandako matxura bat izan zen, eta hori dela eta, Añarbeko Urak enpresari eskatu diote isurketaren inguruko azalpen publikoa emateko.
Halaber, Donostiako Udalari ere eskatu diote gertatutako isurketarekiko “interesa” agertzeko. Izan ere, talde ekologistakoen ustez, itsasbeherarekin Igara errekako ur zikinak Tximistarriko hodi biltzailera heldu ziren, eta horrek Ondarreta hondartzako uren kalitatea arriskuan jarri zuen. “Bainurako uren analisiak astelehenetan egiten dituztenez, zaila da aurreko egunetan gertatutako isurketen informazio osoa izatea”, azaldu dute.