"Estropada txukuna egin dugu eta gustura gaude"
Oriok nesken estropada irabaztea lortu zuen atzo, baina Donostiarra gertu izan zuen. Estropada amaituta, Nadeth Agirre patroiak egokitzat jo zuen egindako lana.
Nola ikusi duzue zuen burua Kontxako lehen jardunaldian?
Uste dut estropada ona egin dugula. Kanporako luzean Donostiarrak kale hobea zuen, eta uste dut airean atera direla. Guk oso irteera ona egin dugu, baina pare bat segundu aurretik joan dira denbora guztian. Ondoren, ziabogara iristen, aurrea nabarmen hartu dugu guk. Hala ere, amaierara begira, egia da ez dugula asmatu trainerua lerrokatzen, eta gerturatu zaizkigula. Atzean zerbait itsatsita genuela nabaritzen genuen une oro, eta trainerua ez zela askatzen. Behintzat, bi segundu ditugu gure alde. Eta datorren astera begira, beste estropada bat izango da. Ea bandera irabazteko aukera dugun.
Zein sentsazio izan dituzue?
Beti gehiago nahi da. Gainera, une batean zortzi segundura ere izan ditugu. Hori datorren iganderako izatea, bada hobeto litzateke. Baina bestela estropada txukuna egin dugu eta gustura gaude.
Zer iruditu zaizu aurtengo denboraldia?
Uste dut denboraldi ona izan dela guretzat. Uztaila gure arraunkera bilatzeko hilabetea izan zen guretzat, nire ustez. Abuztuan asmatu genuen, eta hilabete hasieratik amaierara asko gozatu dugu. Eta honekin, are hobeto amaitu nahi dugu.
Zer sentsazio sorrarazi dizu zalerik gabeko Kontxa ikusteak?
Sailkatze estropadako egunarekin alderatuta, uste dut mugimendu handiagoa izan dela gaur. Edozein kasutan, bandera hau afizioak egiten du berezi eta pena bat da inor ez egotea.