Pentsiodunak protestara itzuli dira, pentsio duinak eskatu eta zahar etxeetako egoera salatzeko
Pentsiodunek Donostiako kaleak berriz ere hartu dituzte, udan geldialdia egin ostean. Udaletxe aurrean elkartu dira 12:00etan, elkarretaratzea egin, aldarrikapenen inguruko azkeneko albisteak partekatu eta adierazpena irakurtzeko. Ondoren, manifestazioa egin dute, Erdialdetik buelta bat eman eta Bulebarreraino.
Batzordeak azaldu duenez, uztailaren 29an Euskal Autonomia Erkidegoko Batzordeak ikusitako irregulartasun guztiak jasotzen zituen dokumentua aurkeztu zion Arartekoari, eta harrera ona eduki zuen honek. Gainera, gaur bertan, batzordeak bilera zuen erkidegoko Fiskaltzarekin, aipatutako dokumentua aurkezteko.
Bestalde, Toledoko Ituna ere aipatu dute. Izan ere, Itunaren Jarraipen Batzordeak irailean bilduko da. Hortik gutxira, Bruselako akordioak eta Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuak berretsiko dituzte. Horietan guztietan lanari eta pentsioei lotutako erreforma, jasangarritasuna, gutxieneko pentsioak eta abar jorratuko dira. Hain zuzen ere, horiek egia bihurtzeko aldarrikapena egin dute. 1080 euroko gutxieneko pentsioa aintzat hartu dadin borrokan arituko direla ere nabarmendu dute, baita pandemiak pentsioen murrizketan izandako eraginak ere gogorarazi.
Manifestazioan abiatu aurretik, aldarrikapen guztiak jasotzen zituen adierazpena irakurri dute. Bideo honetan oso-osorik ikus daiteke: