Duela 100 urteko Kontxako Bandera gogora ekarri dute
Kontxako estropaden balio historiko eta kulturala berreskuratzeko lanean ari dira Donostiako Aquariuma eta Euskal Itsas Museoa. Hori dela eta, #Kontxa1920 egitasmoa aurkeztu dute gaur goizean. Duela 100 urte gertaturikoa Ciaboga aldizkariaren laugarren alean jaso dute.
Donostiak irabazi zuen 1920ko Kontxako Bandera, eta Francisco Zubiaurre Kiriko patroi mitikoak irabazitako azken bandera izan zen. Hain zuzen ere, bera da aldizkariko azaleko protagonista.
Aleak hainbat artikulu ditu; Estropadalari mitikoen sorrera, 1920, zer ari zen gertatzen Gipuzkoan? eta Bitxikeriak. Horrekin batera, aldizkarian irakur daitezke urte hartako estropadan parte hartu zuten traineruen informazioa, estropada beraren kontakizuna, gertaturikoaren inguruko bertsoak eta irabazleen inguruko informazioa.