Etxebizitzak birgaitzeko diru-laguntzak berrabiatu ditu udalak
COVID-19aren krisiarengatik etenda izan ondoren, hiriko etxebizitzak eta bizitegi eraikinak irisgarri egiteko eta birgaitzeko diru-laguntzak abiarazi ditu berriz Donostiako Udalak. Hala ere, Eneko Goia alkateak azaldu du hasiera batean laguntza horietarako zuten aurrekontua %20 jaitsi behar izan dutela, pandemiak eragindako krisia dela eta egin behar izan dituzten beste gastu batzuengatik. Hain zuzen, 2.088.000 euroko aurrekontua onartu du udalak 2020rako, eta Donostiako Etxegintzaren bidez emango dituzte laguntzak.
Diru-laguntzak honako hiru lan motek jaso ahal izango dituzte: irisgarritasuna eta Eraikinen Azterketa Teknikoarekin lotura duten elementu komunak, energia eraginkortasunarekin eta isolamendu akustikoarekin lotura duten elementu pribatuak eta hainbat etxebizitzatako birgaitzeak, eta azkenik, hutsik dauden eta alokairuan jarri nahi diren etxebizitzen birgaitzeak.
Elementu komunei dagokienez, bizitegi eraikinetan igogailuak, arrapalak eta plataformak jartzeko eskatu ahal izango dira diru-laguntzak, baita Eraikinen Azterketa Teknikoak eskatutako premiazko lanak egiteko ere. Bestalde, kanpoko leihoak 30 dezibeliotako zarata minimoko isolamendu akustikoa bermatzen duten leihoengatik aldatzeko eta 65 urtetik gorako pertsonen etxebizitzak egokitzeko ere diru-laguntzak eskatu ahal izango dira. Horretaz gain, laguntzak eskuragarri izango dira etxebizitza hutsak dituzten jabeentzat, baldin eta Alokabideren bidez jartzen badituzte alokairuan.