Javier Botet aktorea izango da aurtengo Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteko aurpegia
Gero eta gertuago dago Donostiako 31. Fantasiazko eta Beldurrezko Astea, eta aurtengo jaialdiko kartela aurkeztu dute dagoeneko; urriaren 30ean hasiko da. Javier Botet (Ciudad Real, Espainia, 1977) aktorea izango da Beldurrezko Astearen aurpegia aurten, bentrilokuo gisa ageri baita kartelean, Nino izeneko panpinarekin batera; beldurrezko zinemaren historian horren garrantzitsuak izan diren panpinei omenaldia egin nahi izan diete. Botet beldurrezko zinemaren munduko azken urteotako aktorerik emankorrenetako bat da, hainbat filmetako munstroak interpretatu baititu, Beneath Still Waters (Brian Yuzna, 2005) filmarekin debuta egin zuenetik. Besteak beste, Mama (2013), Las brujas de Zugarramurdi (2013), Magical Girl (2014), Crimson Peak (2015), The Conjuring 2 (2016), El guardián invisible (2017), The Mummy (2017), It (2017), Slender Man (2018), Insidious: The Last Key (2018), Ventajas de viajar en tren (2019), Scary Stories to Tell in the Dark (2019) eta Malasaña 32 (2020) filmetan parte hartu du. Era berean, Al final todos mueren (2013) film kolektiboaren zati bat idatzi eta zuzendu zuen, baita Amigo (2019) filmaren gidoilarietako bat eta aktore nagusia izan ere. Karteleko argazkia Alberto Moragok egin du Madrilgo Picnic tabernan, eta diseinua, ordea, Ytantos estudioak egin du, urteroko legez.
Kartela aurkezteaz gain, film luzeen programazioaren aurrerapena ere egin dute, eta Train to Busan 2: Peninsula (2020) film korearrak inauguratuko du 31. Beldurrezko Astea. Yeon Sang-ho zinemagileak zuzendu du filma, eta 2016an zuzendu zuen Train to Busan filmaren bigarren zatia da. Horretaz gain, honako film hauek ere proiektatuko dituzte aurtengo jaialdian: Benny Loves You (Karl Holt, Erresuma Batua, 2019), Meander/Méandre (Mathieu Turi, Frantzia, 2020), La Nuée (Just Philippot, Frantzia, 2019), PG: Psycho Goreman (Steven Kostanski, Kanada, 2020), Sea Fever (Neasa Hardiman, Irlanda-AEB-Erresuma Batua-Suedia-Belgika, 2019) eta Tailgate/Bumperkleef (Lodewijk Crijns, Herbehereak, 2019).
Bestalde, Alegiazko izakiak erakusketa egingo dute irailaren 25etik azaroaren 9ra Okendo Kultur Etxean. Beldurrezko Asteak eta Tolosako Topic Museoak elkarlanean antolatu dute erakusketa, eta Tolosako Topic Museoko 80 txontxongilo egongo dira ikusgai, tartean inoiz ikusi ez diren batzuk. Lau multzotan egongo dira antolatuta erakusketako piezak: maskarak, sorginak, deabruak eta heriotzak, eta azkenik, alegiazko izaki tradizionalak eta unibertso pertsonalak.