Koronabirusa gainditu du Hermano Garate egoitzako adineko pertsona batek
Gipuzkoako Aldundiak jakinarazi duenez, Uliako Hermano Garate zaharren egoitzako adineko batek koronabirusa gainditu du. Bestalde, azken orduetan, zortzi COVID-19 kasu positibo atzeman dira Gipuzkoako adinekoen egoitzetan. Horietako zazpi Hernaniko Santa Maria Magdalena egoitzan, eta beste bat Errenteriako Jesusen Bihotza zentroan.
Gaur egun, COVID-19an positibo eman duten pertsonak Gipuzkoako hiru egoitza-zentrotan daude: lau Donostiako Hermano Garate zentroan, 27 Hernaniko Santa Maria Magdalenan eta bat Errenteriako Jesusen Bihotza zentroan. Horrenbestez, Gipuzkoako egoitza-zentroetako erabiltzaileen artean, 32 COVID-19 kasu positibo atzeman dira, 65 zentrok eta 5.425 plazek osatzen duten sarean.
Lau dira ospitaleko arreta behar duten eta ospitaleratuta dauden pertsonak, eta beste 19 Eibarko Ospitaleko gizarte-solairuan daude, Gipuzkoako egoitzetatik eratorritako COVID-19 kasuen arretarako erreferentziazko zentroan. Joan den abuztuaren 11n lehen positiboak eman zirenetik, hiru pertsona hil dira Gipuzkoako egoitzetan COVID-19rekin; Hermano Garate zentroko egoiliarrak.