Artikutzako isiltasuna hautsi zuen trena

Artikutza Donostiak Goizueta inguruan duen harribitxi naturala da, baina gaur egungo paraje naturala eta hango lasaitasuna ikusita, gezurra dirudi garai batean meatzaritza gunea izan zela. Hala izan zen, ordea, Artikutzatik hainbat material ateratzen baitziren, bereziki burdina eta kaolina.
Material horiek Errenteriako Norteko Geltokiraino eramaten zituzten, 1905etik 1919ra arte funtzionamenduan izan zen trenbide baten bitartez. Trenbidea Eskastik gertu dagoen Elama haranean hasten zen, eta 28,5 kilometro egin ostean, Errenteriara heltzen zen; bere garaian, basoko meatzaritzako Iberiar penintsulako trenbiderik luzeena izan zen. Funtzionamendua ez zen batere sinplea, langile asko, lau lokomotora eta hiru plano inklinatu baitzituen, tartean San Rafaelgoa, sistema hidraulikoa zuena. Gaur egun, azken plano inklinatu horren arrastoak bisitatu daitezke, beste hainbat arrastoren artean.
IRUTXULOKO HITZAk Artikutzako trenbidearen inguruko informazioa bildu du, eta erreportaje bat osatu du. Ostiraleko astekariko Atzera Begira atalean eta Irutxulo.hitza.eus webgunean irakurgai izango da, hainbat argazki zaharrekin batera.