GHK-k ondorioztatu du ezin zaiela erantzukizun pertsonalik eskatu erraustegiko lanak gelditzearen alde bozkatu zutenei

Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren (GHK) zerbitzu juridikoek azaldu dute ezin zaiela Zubietako erraustegia gelditzearen aldeko botoa eman zuten EH Bilduko batzarkideei erantzukizun pertsonalik eskatu GHK-k izandako galerengatik. Izan ere, ebatzi dute ezin dela frogatu EH Bilduko batzarkideek botoa “doloz edo arduragabekeria larriz” eman zutenik. 2013ko azaroaren 23ko batzarrean egin zuten bozketa hori.
Partzuergoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak 2017ko abenduan ebatzi zuen Ainhoa Intxaurrandieta GHK-ko lehendakari izandakoak eta Iñaki Errazkin garaiko Gipuzkoako Ingurumen diputatuak “botere desbideratzea” egin zutela errauste plantaren lanak gelditzeko. Hala ere, GHK-ren zerbitzu juridikoek ez dute uste aldeko botoa eman zuten batzarkideei erantzukizun indibidualik eskatu ahal zaienik.
Kontsortzioak adierazi du EAE-ko Auzitegi Nagusiaren ebazpenak ez zuela zehazten erantzukizun pertsonalik bazen, ezta GHK-k berak nola jokatu behar zuen ere. Kontsortzioaren arabera, horregatik eskatu zieten txostena zerbitzu juridikoei, eta proposamen gisa aurkeztuko dute GHK-ren batzarrera.
Zerbitzu juridikoen txostenaren arabera, GHK-ri egindako kalte ekonomikoa 8,7 milioi eurokoa izan zen, hain zuzen, diru kopuru hori ordaindu zietelako bere garaian erraustegia eraiki behar zuten enpresei. Txostenean nabarmendu dute diru hori ez zuela GHK-k ordaindu behar, “ekintza administratibo baten bidez egin zelako, boterea desbideratuta, bi erakundeen sorrerako helburua urratuta”.