Kaiaren erabilera herritarra aldarrikatu dute hainbat haur, gazte eta helduk

Kaia Bizirik taldeak deituta, herritar ugarik elkarretaratzea egin dute ostegun arratsaldean kaiko arrapalan, Kaian bizi, jolas eta busti! lelopean, erakundeek COVID-19a dela eta hartutako neurriak salatzeko eta kaiko erabilera herritarra aldarrikatzeko. Haur, gazte eta helduak izan dira mobilizazio alaian, eta bainujantziak eta bestelako uretako objektuak eraman dituzte, kaian bainatu nahi dutela aldarrikatzeko. Izan ere, koronabirusaren aurkako neurri gisa, kaiko hainbat gune itxi dituzte, hala nola, arrapala eta Nautikoa.
Bizilagunek nabarmendu dute auzokoek betidanik kaia jolasteko, bainua hartzeko eta beste jarduera asko egiteko erabili izan dela, eta salatu dute Donostiako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak kaiko erabilera eta jarduera horiek guztiak “debekatu” dituztela, “inolako azalpenik eman gabe”. Era berean, azpimarratu dute Eusko Jaurlaritzako Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzari bilera bat eskatu diotela irtenbide bat bilatzeko, baina oraindik ez dute erantzunik jaso. Bilera horren aldeko 1.500 sinadura inguru bildu dituzte. Hedabide honek bizilagunekin hitz egin zuen joan den astean gaia jorratzeko, eta erreportajea hemen dago irakurgai. Jarraian, elkarretaratzean egindako argazkiekin osatutako irudi bilduma:















