Kataluniako Parlamentuak alokairuen prezioa arautzeko lege proposamena onartu izana ospatu dute hainbat eragilek

Alokairuen prezioa arautzeko lege proposamena onartu zuen atzo Kataluniako Parlamentuak. Legearen helburua da alokairuen prezioak izoztea, baita erreferentzia indizearen gainetik dauden alokairuen zenbatekoa jaistea ere. Etxebizitza eskubideen aldeko eragile katalanek egin bezala, Donostia eta EAEko hainbat eragile ere erabakiarekin pozik agertu dira: Bentaberriko Alokairuk, Azorako maizterren elkarteak eta Kaleratzeak Stop plataformak ohar bat zabaldu dute erabakia ospatzeko.
Kataluniako Parlamentuaren erabakia positibotzat jotzeaz gain, salatu dute EAEn, Katalunian eta Espainiako Estatuko beste erkidego batzuetan bezalaxe, herritarrak merkatu pribatuko alokairuen prezioen “igoera espekulatiboa” pairatzen ari direla, “batez ere udalerri handietan”. “Milaka euskal familiak, askok seme-alabak ardurapean dituztenak, diru-sarrera prekarioak berdindu edo gainditzen dituzten errentak dituzte, eta alokairuak ez ordaintzeagatik etxegabetze eskariei aurre egin behar diete. Egoera hau are dramatikoagoa da COVID-19ak eragindako krisi ekonomiko izugarriarekin”, adierazi dute.
Gogoratu dute 2019an 1.076 etxegabetze egin zirela EAEn; aurtengo lehen hiruhilekoan 233 izan ziren, eta horien %70 inguru alokairu errentak ez ordaintzeagatik Hiri Alokairuen Legea ezarri zieten. Halaber, nabarmendu dute inbertsio funtsen sarrera espekulazioa sustatzen ari dela, batez ere Donostian. “Adibidez, Testa-Blackstonek Bentaberriko babes ofizialeko etxeak eta Azorak Inmobiliaria Vascongadaren 320 etxebizitza erosi dituzte”, jarri dute adibide gisa.
Plataforma horiek egindako azken mobilizazioetan erakundeei eskatu diete alokairu pribatuaren prezioak kontrolatzeko neurri legegileak ezartzeko; esaterako, alokairu sozialeko etxebizitzen parke publiko eskasa handitzeko, eta finantza erakundeen edo inbertsio funtsen esku dauden etxebizitza hutsak “mobilizatzeko” eskatu dute. “Neurri horiei esker, pobretutako milaka familiak, etxebizitza duina eskuratu ahal izango dute, etxegabetzeak gutxituko dira eta, horrekin batera, gizarte kohesioranzko eta berdintasuneranzko pausoak emango dira”, gehitu dute.
Horrela, jakinarazi dute Katalunian izandako aldaketaren ondorioz, hainbat egitasmo landu eta garatuko dituztela, “Eusko Jaurlaitza berriak eta Legebiltzarrak gizarte drama honen konponbideak behingoz jorratzeko”.