Medeak: transfeminismoak gurutzatutako hogei urte
Hogei urte bete dituzten unean taldea desegitea erabaki dute Medeakeko kideek. Taldeak bide luzea egin du, eta Donostian, Euskal Herrian, zein atzerriko hainbat txokotan borroka transfeministaren erreferente bilakatu dira.

Joan den ekainean, Medeak talde transfeministak bere jarduna etengo zuela jakinarazi zuen, bere sareetan argitaratutako komunikatu baten bitartez. Medeak talde transfeministak bide luzea egin du: azken bi hamarkadetan, askotariko aldarrikapenak eta borrokak atera dituzte kalera, eta mobilizazioak, hitzaldiak, performanceak eta bestelako ekintza eta jarduera ugari antolatu dituzte. Barrura begirako lana ere azpimarratzekoa da.
Ana Txurruka Txurrus-ek, Kattalin Minerrek, Lore Etxeberriak, Nagore Iturriozek eta Josebe Iturrioz Itu-k osatu dute Medeak, eta hedabide honek luze eta zabal hitz egin du haiekin, azken hogei urtetan bizitakoa jasotzeko. Elkarrizketa osoa ostiraleko astekarian izango da irakurgai.
Bitartean, hona hemen elkarrizketaren aurrerapen bat eta Medeaken ibilbidearen hainbat une jasotzen dituen irudi bilduma.
Aliantza ugari josi dituzue zuen ibilbidean zehar, eta belaunaldi zaharragoekin ere izan duzue lotura estua, esaterako Plazandreokekoekin.
Ana Txurruka, Txurrus: Askotariko jendearekin aliantzak egitea oso garrantzitsua izan da guretzat, eta horren oso adibide garbia da Plazandreok. Haiek oso markatuta zeukaten haien helburu politikoa, baina gurekin guztiz bat egin ez arren, asko aritu gara elkarlanean. Azken finean haien proiektu politikoan sinesten dugulako izan gara horren parte, eta nahiz eta ez izan gure helburu garrantzitsuena, hor egon nahi genuen.
Nik uste dut hori gertatu zaigula gauza batekin baino gehiagorekin, baita politika instituzionalarekin ere. Ez da gure helburu nagusia izan, baina ibilbideko hainbat unetan interesgarria izan da guretzat, kritikak eta ekarpenak egin nahi genituelako esparru horretan ere.
Kattalin Miner: Medeak ez da inoiz talde instituzional bat izan, baina horrek ez du esan nahi une jakin batzuetan ez ditugunik estrategikoki edo pertsonalki instituzioen baliabideak erabili herritarren mesedetan. Esaterako, diru laguntzak eskatzerakoan, edo udalen batekin elkarlanean aritzea estrategikoa iruditzen zitzaigunean. Hala ere, nik uste dut Medeak izan dela kaleko talde bat, eta militantzia autonomoari lotutakoa.
Nagore Iturrioz: Ados nago Kattalinek esandakoarekin, baina egia da Medeak batzuetan bereizi egin dela sare transfeministatik nolabait, ulertu dugulako erakundeen barruan konspiratzea baliagarria izango litzatekeela guretzat. Askorentzat hori erreformista izatea da, baina gu ez gara hala kontsideratu. Are gehiago, gure ezaugarri positibotzat dut hori: instituzioak erabili ahal izatea, eta barrutik konspiratu ahal izatea. Iraultzak erradikala izan behar duela uste dugun arren, dauden tresnak erabili behar ditugu guretzat, eta hori izan da Medeaken ikurretako bat. Adibidez, erabili izan dugu udalak eman digun dirua udalak inoiz onartuko ez lituzkeen jardunaldi batzuk antolatzeko.
Gainera, harro esateko zerbait dela uste dut: Espainiako Estatuan udal hauteskundeetan aurkezten den hautagaitza feminista bakarra da Plazandreok, eta horrek bere balioa dauka. Mugimendu feminista klasikoagoarekiko pixka bat kritikoak izan gara beti, baina aitortza ere merezi du. Haien borroka beharrezkoa izan da guk egin dugun guztia egin ahal izateko.
Josebe Iturrioz, Itu: Nik azpimarratuko nuke gainera Plazandreokekin asko ikasi dugula. Haiekin hasi genuen gure ibilbidea, eta une jakin batean belaunaldien arteko aldea nabarmena izan zen; guk genituen interesak ere desberdinak ziren.
Kattalin Miner: Zera izan da nik Plazandrekoekin ikasi dudan garrantzitsuena: ardo ona edaten eta ondo jaten [barrez].




















