Udala "entzungor" egiten ari dela salatu dute haurtxokoetako eta gaztelekuetako langileek

Donostiako haurtxoko eta gaztelekuetako eta Martuteneko Etxarriene zentroko langileen elkarretaratzea, Alderdi Ederren. (Argazkia: Irati Salsamendi Lozano)
Donostiako haurtxoko eta gaztelekuetako eta Martuteneko Etxarriene zentroko langileek eta ELA sindikatuak elkarretaratzea egin dute udaletxearen aurrean, bizi duten egoera salatzeko. Udalak argitaratu dituen plegu berrietan, haurtxoko eta gaztelekuen zerbitzuan murrizketa handiak egin ditu, hala nola, aurrekontua %40 murriztea, lan ordu kopurua murriztea, hainbat langileren lanpostua ez bermatzea eta Parte Zaharreko haurtxokoa ixtea.
Horren aurrean, langileek bilera bat eskatu diote udaleko Gazteria departamentuari, baina jakinarazi dute oraingoz ez dutela erantzunik jaso, eta kritikatu dute udala “entzungor” egiten ari dela. Alderdi Ederreko protestaren ostean, idazki bat erregistratu dute udaletxean, bilera eskaera berri bat egiteko.
Maia Beitiak, ELAko ordezkariak, salatu du langileak bizitzen ari diren ziurgabetasuna, eta gehitu du murrizketa horiek gauzatzen badira, udala prekarietatea sustatzen ariko dela: “Zerbitzu publikoak diren arren, azpikontratazioak egoera konplexuagoa bilakatzen du. Gainera, udalak langileen baldintzak bermatu behar ditu, baita erabiltzaileenak ere”.
Langileak, beraz, udalaren erantzunaren zain daude orain, eta bitartean, asanblada bat egingo dute, datozen egunetan egingo dituzten pausoak erabakitzeko.