Donostiako Zinemaldiari buruzko 'Zurriolako butaka' saioa ostiralean hasiko da
Elkarlanean arituko dira Berria, Hamaika, Kanaldude, IRUTXULOKO HITZA eta Zinea. Zinema jaialdiak irauten duen egun guztietan —hilaren 18tik 26ra— emango dute saioa.
Berezia izango da 68. Donostiako Zinemaldia, baina berezia izan arren, Zurriolako butaka saioa ere aurten ahaleginduko da bertan gertatzen denaren berri ematen eta Euskal Herriko ekoizpenen estreinaldiei tartea egiten. Bederatzigarren urtez egingo dute telebista programa. Elkarlanean arituko dira Berria, Hamaika, Kanaldude, IRUTXULOKO HITZA eta Zinea. Zinema jaialdiak irauten duen egun guztietan —hilaren 18tik 26ra— emango dute saioa, urteroko moduan: Berriako webgunean eta beste hedabideen atarietan, 19:00etatik aurrera izango da ikusgai. Hamaikak 22:00etan emango du bere ohiko seinalean.
Aurtengo berrikuntzen artean, aurkezlea dago: Tessa Andonegi aktore eta Hamaikako kolaboratzaileak aurkeztuko du zinemari buruzko saioa. “Ilusioz” hartu du Zinemaldian murgiltzeko aukera izatea. “Eskertzekoa da Hamaikak nirekin kontatu izana, jarraipena ematen baitio haiekin 11Tokitan eta Kolpez kolpe saioetan egin dudan lanari”. Programako errealizatzaileak, bestalde, Lara Madinabeitia eta Nagore Arin (Berria Telebista) izango dira.
Ekoizpen donostiarrak
Aurreko urteekin alderatuta, saioaren egitura ez da asko aldatuko. Donostiarekin lotura duten elkarrizketa zein erreportajeak egingo ditu IRUTXULOKO HITZAk. Hala nola, Marina Palacio eta Ekain Irigoien zinema zuzendari donostiarrak elkarrizketatuko ditu, Arzaken dokumentalaren inguruko erreportajea osatuko du, eta Woody Allenen filman parte hartu duen Iñaki Salvador musikariaren esperientzia jasoko du.
Bestalde, programak berritasunak izango ditu. Izan ere, Kursaalaren azpian paratu ohi duten platoa albo batera utzi, eta saioak Gipuzkoako hiriburuko txoko desberdinetan egingo ditu aurkezpenak eta elkarrizketak. Programa arinagoa eta dinamikoagoa izango da aurten. Hori bai, osasun larrialdiak baldintzatuta, segurtasun neurri guztiak bermatuko ditu saioko lantaldeak.
Aurreko urteetan bezala, bestalde, Zurriolako butaka saioa osorik edo zatika dastatzeko modua izango da. Hau da, euskarazko bost komunikabideetako sare sozialetako kontuetan programako elkarrizketak eta bideoak zatikatuta zabalduko dituzte. Youtubeko zerrenda batean jarriko dituzte programa osoak, elkarrizketak zein bideoak. Eta, ohiko moduan, Berrian izango da zer irakurri Donostiako Zinemaldiko egunetan.