Infernuko bizilagunen aldeko manifestazio antirrazista egin dute
Joan den astean Ibaeta Infernua auzunean izandako polizia operazioaren harira, hamarnaka herritar bildu dira Infernua Bizirik plataformak deitutako manifestazioan. Infernuko autobus geltokitik abiatu dira pertsonen arteko segurtasun distantziak mantenduta, eta poliki-poliki Bulebarrerantz joan dira. Polizia operazioa “arrazista” izan zela salatu dute manifestazio guztian zehar, eta Inor ez da ilegala eta arrazismoaren aurkako bestelako aldarria asko izan dira nagusi ibilbide guztian zehar. Udaltzaingoak, Ertzaintzak eta Espainiako Polizia Nazioanalak 62 pertsona identifikatu zituzten operazio horretan, besteak beste. SOS Arrazakeriak eta Hiritarron Harrera Sareak operazioa gaitzetsi zuten.
Bulebarrera iritsi direnean, Infernuko bizilagun batzuk kioskora igo dira, eta adierazpen bat irakurri dute hainbat hizkuntzatan. Poliziak hustutako pabiloiko bizilagun batek hitza hartu du, eta Infernuan bizi diren pertsonek jasaten duten kriminalizazioa salatu du, baita nabarmendu ere polizia operazioan oso bestelakoa izan zela agenteek talde etniko batzuekiko eta beste batzuekiko izandako jarrera. Era berean, azpimarratu du ez dela halako operazio bat jasan duten lehenengo aldia izan, eta Infernuko bizilagunak, horietako asko zaurgarritasun egoeran, handik ateratzeko “estrategia politiko bat” izan dela esan du. Bestalde, adierazi du agenteek ez zietela inolako dokumentaziorik erakutsi nahi izan, eta hedabide batzuek gaiarekiko izandako jarrera ere kritikatu du: “Komunikabideek gure aurkako jarrera propagandistikoa izan dute, eta ez gara kriminalak; pabiloiak ez daude abandonatuta, okupatuta daude”. Bukaeran, biziraun nahi dutela aldarrikatu du: “Ez gatoz hiriko irudi polita haustera, bizirautera gatoz. Ez dugu mendekua nahi, justizia nahi dugu”. Ondoren, arabieraz, ingelesez eta frantsesez irakurri dute adierazpena, eta Infernuko “transmaribollo zurien kolektiboak” poliziaren jokaera arrazista salatu du. Azaldu dutenez, poliziak ez du inoiz arazorik izaten eurekin, nahiz eta gainontzekoak bezala, han bizi diren.
Hedabide hau manifestazioan izan da, eta irudi bilduma bat osatu du ibilbide guztiak zehar egindako argazkiekin: