Egiako parkeko Ingurumen Baliabideen Etxeak ohiko ordutegia berreskuratu du
Koronabirusaren izurriteak hainbat aldaketa eragin zituen Egiako parkeko Ingurumen Baliabideen Etxean. Gaur, berriz, pandemia aurreko ordutegira itzuli dira. Astelehenetik larunbatera 9:30etik 13:30etara eta 15:00etatik 20:00etara —azaroaren 2tik aurrera, 19:00ak arte— izango da zabalik, eta igande eta jaiegunetan, berriz, 10:00etatik 13:30etara.
Bestalde, jarduera publikoei berriz ere ekingo diete, eta erakusketa aretoa zabalduko dute. Azken honetan, Haitzaren gibeletik erakusketa ikusi ahal izango da irailaren 24tik aurrera. Zigor Garcia Pasaiako artistaren hainbat eskultura eta marrazkik osatzen dute erakusketa. Jaizkibelen egindako ibilbideen emaitzak dira.
Segurtasun neurriak bermatzeko asmoarekin, aretoen edukiera %60 murriztu da. Erakusketa aretoei dagokienez, aldi berean gehienez hamar pertsona onartuko dituzte; ikasketa aretoan, berriz, aldi berean asko jota bi pertsona eta gehienez bi orduz izan ahalko dira, eta liburutegietan gehienez lau erabiltzaile. Azken honetan, gainera, liburuzainen laguntzaz baliatu beharko dira. Komuna eta kafetegi gunea ere martxan daude gaurtik.