Erdialdeko atari historiko bat "hustu eta suntsitu" dutela salatu du Ancora elkarteak
Ancora Ondarearen Babeserako Elkarteak salatu duenez, Hondarribia kaleko 9. zenbakiko atari historikoa “hustu eta suntsitu” dute, etxe turistikoak egiteko eta lehenengo bi solairuei erabilera komertziala emateko. Elkarteak azaldu duenez, eraikin hori Jose Maria Mugica arkitektoak egin zuen 1888an, eta jatorrizko ataria mantentzen zuen, garai hartako hiriaren “erakusgarri onenetarikoa” izanik. Horretaz gain, igogailu historiko bat ere bazuen eraikinak, egurrezko kabina zuena.
Ancoraren arabera, atariak babestuta egon behar zuen udalaren Hirigintzako eta Eraikitako Ondarea Babesteko Plan Berezian (HEOBPB), baina ez zegoen. Azaldu dutenez, hustutzea gelditzen saiatu ziren, baina ez zuten lortu. “Espero dugu HEOBPB-aren berrikuspen berrian arduradunek benetako ardura hartzea eta hriko atariak ere babestea, Donostian bereziki interesgarriak baitira”, nabarmendu dute.