Erraustegiaren aurkako eta alternatiba osasuntsuagoen aldeko giza katea egin dute Kontxan
Urteroko legez, Kontxako Banderako bigarren jardunaldiarekin batera, Zubietako erraustegiaren aurkako giza katea egin zuten atzo Donostian, Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak deituta. ELA, LAB, EH Bildu, Ezker Anitza, Equo, Eguzki eta Ekologistak Martxan sindikatu, alderdi politiko eta erakundeek bat egin zuten mobilizazioarekin, erraustegiaren aurrean, alternatiba osasuntsuagoak aldarrikatu zituzten. Giza kateak Perla eta udaletxea lotu zituen, Kontxako hondartzatik pasata.
Azken hilabeteotan erraustegian probak egiten ibili dira, eta mobilizazioaren antolatzaileek atzo salatu zuten tximinietatik ateratzen den keak “pozoiak” zabaltzen dituela. Hala ere, alternatiba hobeen alde borrokan jarraitzeko beharra nabarmendu zuten.