Gregorio Ordoñezen plaka eraso dute asteburuan
Gregorio Ordoñezen omenez Parte Zaharrean dagoen plaka eraso dute asteburu honetan, igandean, hain justu. Pintura beltzarekin estali zuten, baina handik ordu gutxira garbitu egin zuten, Donostiako Udalak aginduta. Urtarrilean 25 urte bete ziren ETAk Donostiako PPko zinegotzia izandakoa Parte Zaharreko Abuztuaren 31 kaleko jatetxe batean hil zuenetik, eta urteurreurrenarekin bat eginez, udalak Ordoñezen omenezko plaka jarri zuen atentatua gertatu zen lekuan. Asteburu honetakoa ez da plakak jasan duen lehenengo erasoa, otsailean ere pintura beltzarekin estali baitzuten.
Beatriz Artozabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak erasoa gaitzetsi du, eta “onartezina” dela nabarmendu du. Era berean, Ordoñezen familiari “elkartasuna, hurbiltasuna eta laguntza” eskaini dizkie. Bestalde, azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak “biktima guztien” ondoan egoten jarraituko duela: “Jarraituko dugu ahotsa goratzen eta irmotasunez biktimen memoriaren aurkako edozein jarduketa gaitzesten. Jarraituko dugu lanean, Euskadiren etorkizunean horrelako erasoek lekurik ez dutelako uste osoz”. Jose Luis Arrue Gipuzkoako PPko buruak ere erasoa gaitzetsi du, eta esan du gizartearen parte bat “gaixo” dagoela eta “gorrotoz” bizi dela.