Irailaren 20an amaituko da Emakumeen Etxeko jardueretan izena emateko epea
Udako oporraldiaren ostean, Emakumeen Etxea zabalik da berriz ohiko ordutegiarekin: 10:00etatik 21:00etara. Halaber, urritik abendura bitarteko jarduera eta ikastaroen programa prest dute Emakumeen Etxekoek, eta horietan izena emateko epea zabalik da; irailaren 20an amaituko da. Hala ere, betetzen ez diren ikastaroen izen emate epea, ikastaroa hasi arte luzatuko dela azaldu dute.
Izen ematea Internet bidez egin beharko da honako web orrialdeetan: www.donostiakoemakumeenetxea.com eta www.donostia.eus/berdintasuna. Norbaitek izena emateko laguntza beharko balu, Emakumeen Etxera joan eta han egiteko aukera dagoela jakinarazi dute. Ikastaro eta zerbitzu guztiak doakoak dira, eta pertsona bakoitzak gehienez hiru ikastarotan eman ahal izango du izena.
Emakumeen Etxeak eskaintzen dituen jarduerak hiru multzotan daude banatuta: Elkarguneak, Matrakaguneak eta Formakuntzarako guneak. Elkarguneak ikasturte osoan zehar elkartzen diren taldeak dira, eta gehienak irekiak mantentzen dira parte hartzaile berrientzat. Bestalde, Matrakaguneak irailean irekitzen dituzte, eta batzuetan, toki libreak geldituz gero, urtarrilean ere bai; horietan ikasturte osoko lanketa feminista bat egiten da eta Emakumeen Etxetik kanpoko proiekzioa duen talde bat sortzen da.
Azkenik, Formakuntzarako guneak, gai zehatzak lantzeko gune trinkoak dira, non diskurtsoak sortzen dituzten eta elkar hartzen duten parte hartzaileek, formakuntzen bitartez elkar ahalduntzeko xedearekin.
Honako estekan ikusi daitezke urritik abendura bitarteko jarduera guztiak.