Zaporeaken aldeko kultur ekitaldia egingo dute larunbatean
Zaporeak GKEren aldeko larrialdiko emanaldia izango da irailaren 19an, eguerdiko 12:00etan. Tokia oraindik ez dute zehaztu.
Han, askotariko kulturgileak izango dira: Amets Arzallus, Maialen Lujanbio eta Beñat Gaztelumendi bertsolariak; Musergo, Anari, Juantxo Arakama eta Ibon RG musikariak; J Martina musika taldea; eta Harkaitz Cano, Jose Luis Otamendi eta Jule Goikoetxea idazleak.
Kultur ekitaldi hau antolatzeaz gain, Zaporeakek dohaintza kanpaina areagotu du joan den asteartetik, Lesbos uharteko Moriako errefuxiatuen kanpamentuak su hartu baitzuen. 12.000 errefuxiatuetako askok alde egin behar izan zuten eta poliziak errepideak itxi zituenez gero, errepidean bertan geratu dira gehienak. Zaporeak han janaria banatzen izan zen lehenengo egunetan, baina ostiralean euren jarduna eten behar izan zuten aldi baterako, PCR proban positibo emandako pertsona batekin kontaktua izan baitzuten kideek. Hala ere, atzo iragarri zuten denek negatibo eman dutela euren probetan.