Alkateak ontzat jo du Espainiako Gobernuak udalei aurreko urteetako superabita erabiltzeko baimena eman izana
Espainiako Gobernuak atzera egin du hasiera batean zuen asmoarekin, eta hainbat hedabidek argitaratu dutenez, dekretu bat prestatzen ari da, udalei aurreko urteetako superabita erabiltzeko baimena emateko. Eneko Goia Donostiako alkateak ontzat jo du Espainiako Gobernuak atzera egin izana, izan ere, nabarmendu du udal guztiek diru hori beharko dute, COVID-19a dela eta, “diru-sarrerak asko gutxitu direlako”, aurreikusita ez zituzten hainbat gastu egin behar izan dituzten bitartean.
Goiak azpimarratu du udalak “2008ko krisitik eratorritako egoera batean” bizi direla, eta horrek “oso baldintza zurrunak” jartzen dizkiela horrelako egoera bati aurre egiteko. Bestalde, Goiaren arabera argitzeke daude hainbat alor: “Zertan geldituko den zorpetze gaitasuna udal erakundeetan eta diru-laguntza lerroak sortuko diren udalentzako, izan ditugun gastu gehigarriak estaltzeko. Horiekin batera, erkidegoaren kasuan, dagokigun berezitasuna gordetzea, aldundiak baitu tutoretza funtzioa”.
Era berean, alkateak nabarmendu du 2020ko aurrekontua “erabat deskoadratuta” daukatela udalek, eta “oso zaila” izango dela ixtea; horrela jarraituz gero, 2021eko aurrekontua egitea “ia ezinezkoa” izango dela ere azpimarratu du. Horregatik, superabita erabiltzeko behar handia dutela esan du.