AGISAS elkarteak helegitea aurkeztu du udalak haurtxoko eta gaztelekuen zerbitzuetarako ateratako pleguen aurrean
Gipuzkoako Gizarte Integratzaile eta Animatzaile Soziokulturalen elkarteak (AGISAS) “kezkatuta” agertu da Donostiako Udalak haurtxoko eta gaztelekuetako eta Etxarriene zentroko zerbitzuetarako atera dituen plegu berriekin, eta euren “inkongruentzia” salatu du. Elkarteak azaldu duenez, zerbitzuak, luzapenak eta guzti, 2020tik 2023ra izatea aurreikusten dute, eta denbora tarte horretarako aurrekontu osoa 3.480.564,13 eurokoa izango da; langileek asteak daramatzate salatzen udalak %40 murriztu duela aurrekontua, besteak beste.
AGISAS-ek nabarmendu du udalak ezin duela esan ez dituela dinamizatzaile eta koordinatzaile lana egiteko prestakuntza akademiko nahikoa duten langileak, prestakuntza hori zein den zehaztu gabe. “Hori guztia, haur eta gazteentzako kalitatezko zerbitzu bat izateko garrantzia aintzat hartuta”, gaineratu dute. Era berean, salatu dute “ez dela koherentea dinamizatzaileen funtzioak zehaztea, dinamizatzaile horiek beharko duten prestakuntza zehaztu gabe”.
Elkarteak azpimarratu du 2016an egoera horren berri eman ziotela udalari, baina lau urte hauetan ez dutela aldatzeko proposamenik egin. Era berean, nabarmendu dute bide judizial guztiak agortuko dituztela, haur eta gazteei kalitatezko zerbitzu bat eskaintzeko helburuarekin.