Eneko Goiak hiriko ikastetxeak "abandonatu dituela" salatu du EH Bilduk
Garbiñe Alkizak, EH Bilduko zinegotziak, Udal Gobernua hezkuntza alorrean egiten ari den kudeaketaren inguruko balorazioa egin du gaur. Alkizak esan duenez, EH Bilduk galdetegi bat helarazi die ikastetxeei, euren eskariak “bertatik bertara ezagutzeko”, eta lehen emaitzek Udal Gobernuaren “zabarkeria” agerian utzi dutela azaldu du.
Hezkuntza Eusko Jaurlaritzaren eskumena bada ere, oposizio taldeak gogoratu du udalek “eskumen asko” dituztela arlo horretan. “Zehazki, Eneko Goiaren gobernua arduratzen da ikastetxeak egokitzeaz eta mantenua egiteaz, baita beste kontu batzuez ere”, zehaztu dute.
Pandemia hasi eta ikasgelak itxi zirenetik sei hilabete igaro direnean, eta ikasturte berriaren egun batzuk pasa direnean, EH Bilduk kritikatu du Goiaren gobernuak “ez duela ia ezer egin” Donostiako ikastetxeei eta hezkuntza-komunitateei laguntzeko: “Ez da soilik pandemiaren ondorioak arintzeko programa berezirik aktibatu ez izana, zentroekin hitz egiteko ere ez dira gai izan”, esan du Alkizak.
Halaber, kontatu du konfinamendu garaian EH Bildu hainbat ikastetxerekin harremanetan jarri zela euren beharrak ezagutzeko, “batez ere arrakala digitalari zegokionez”. Udal taldeak bildutako datuak ekaineko osoko bilkuran azaldu zituzten, Alkizak esandakoaren arabera, “oso egoera gordina” azaleratu zuten: “Donostiako ehunka ikaslek ez zuten ordenagailurik eta/edo Interneterako sarbiderik. Eta are okerragoa dena, ikastetxeek esan ziguten udalak ez zituela bere eskaerak aintzat hartzen eta bere poltsikotik ari zirela materialaren gabeziak betetzen”, kritikatu du zinegotziak.
Ikasturtea hasteko egun batzuen faltan, udal espazio publikoen zerrenda eskatu zien Eudelek udal guztiei. Espazio horien helburua izango da ezarritako osasun baldintzak bete ahal izatea. EH Bilduk esan du udalak zerrenda hori bidali duela, baina ez duela “besterik egin”. Gainera, kritikatu dute zerrenda osatu dutela “ikastetxeekin hitz egin gabe, auzoetako egoera ezagutu gabe, eta beharrak ezagutu gabe”.
-
Ea Udal Gobernuak espazioak eskaini dizkien ikasleak birkokatzeko.
-
Ea Udal Gobernuak gune horiek eskatzeko edo kudeatzeko protokoloren bat jarri duen martxan.
-
Ea arrakala digitalari aurre egiteko neurriak eskaini dituen.
-
Ea Udal Gobernuak mugikortasunaren arloko neurriren bat hartu duen, ibilbide seguruak edo bizikletaren erabilera indartzeko.
-
Ea garbitzeko eta desinfektatzeko neurri osagarriak eskaini dituen.
Oraindik ez dituzte erantzun guztiak jaso, baina aurreratu dute erantzun gehienak negatiboak izaten ari direla, auzo guztietako zentro guztietan. “Okerrena zera da: ikastetxerekiko komunikazioa ia ez dela existitzen”, gehitu dute. Halaber, baieztatu dute EH Bildurentzat “lehentasunezkoa” dela ikastetxeetara modu seguruan eta adostuan itzultzea. “Donostiari dagokionez, beraz, jarrera aktiboa eta probokatiboa mantentzen ari gara lehen aipatutako helburuak betetze aldera: udalen espazio irekiak eta itxiak ikastetxeen eskura jartzeko, mugikortasun segurua sustatzeko, garbiketa indartzeko eta arrakala digitalari aurre egiteko neurriak hartzeko. Baina, batez ere, Udal Gobernuak ikastetxeekin eta hezkuntza-komunitateekin lankidetzan aritzea eta haien eskaerei erantzutea eskatzen dugu”, adierazi du Alkizak.
Horrela, jakinarazi dute helburu horrekin, EH Bilduk mozio bat aurkeztuko du iraileko osoko bilkuran.