Iaz baino 2,5 milioi pertsona gutxiago ibili dira Parte Zaharretik udan
Koronabirusa dela eta, gainontzeko tokietan bezala, bisitari kopurua murriztu egin da Donostian, eta Parte Zaharra da horren erakusgarri. Udalak Parte Zaharreko Smart kalea proiektuko datuak jakinarazi ditu, eta iazko udan baino 2,5 milioi pertsona gutxiago ibili dira aurten Parte Zaharreko kaleetatik, %42 gutxiago. Abuztuaren 15ean, esaterako, normalean jendez gainezka egongo litzateke Parte Zaharra, baina aurten %57 jaitsi da pertsona kopurua.
Enrique Ramos Sustapen Ekonomikoko zinegotziak azaldu du ostalaritzan ezarritako murrizketek, kultur jarduerak eta jaiak bertan behera utzi izanak eta osasun krisiak berak eragina izan dutela beherakada nabarmen horretan.
Aurten, Narrika kaletik ibili dira pertsona gehien: 1.010.305 pertsona, hain justu. Batez ere Parte Zaharretik ateratzeko bide gisa erabili da Narrika kalea, eta sarrera moduan Kale Nagusia izan da erabiliena, 914.846 ibili baitira hortik.