Ostalariek sektorearen kriminalizazioaren aurkako lapiko jotzeak egingo dituzte egunero, Zinemaldiak irauten duen bitartean
Gipuzkoako hainbat ostalarik protesta zaratatsuak egingo dituzte datozen egunetan, hilaren 18tik 26ra, Zinemaldiak irauten duen egunetan, hain justu. Parte Zaharreko Konstituzio plazatik aterako dira egunero, 19:30ean, kazerolada egiten, eta Kursaaleraino joango dira. Que no te cuenten películas: ostalaritza ez da birusa lelopean egingo dituzte protestak, erakundeak ostalaritzaren, eta bereziki, gaueko aisialdiaren sektorea kriminalizatzen ari dela salatu baitute.
70 ostalaritza establezimendu baino gehiago abuztuan elkartu ziren, eta mobilizazioak egiten hasi ziren, erakundeak euren sektorean hartzen ari ziren murrizketa neurriak salatzeko. Gipuzkoako Ostalaritza Elkartetik kanpo ari dira mobilizatzen, eta hainbat protesta egin dituzte, besteak beste, abuztuaren 14ko salbean kazerolada egin zuten Santa Maria elizaren aurrean. Mobilizazioak egingo zituztela iragarri zutenean, hedabide honek Elena Guinea Aurresku tabernako arduraduna elkarrizketatu zuen, euren aldarrikapenen berri izateko.