Zaporeaken aldeko kultur ekitaldia Antiguako Frontoian egingo dute, larunbatean
Hainbat kulturgilek Zaporeaken aldeko egitasmoa antolatu dute larunbat eguerdirako, irailaren 19rako, baina non izango zen airean zegoen oraindik. Atzo, berriz, tokia iragarri zuten: Antiguako Frontoian izango da, 300 pertsonako edukierarekin. Sarrerak gaurtik, 9:30etatik, erreserbatu ahalko dira, eta bi tokitan eskuratu daitezke: batetik, online, Zaporeakeko sareetan zabalduko duten inprimakiaren bitartez; bestetik, aurrez aurre, Hontza liburu dendan. Pertsona bakoitzak gehienez bi sarrera erreserbatzeko aukera izango du. 20 euroko kostua izango dute, egunean bertan ekitaldira sartu aurretik ordainduko direnak.
Kultur egitasmo honetako karteleko irudia Shukram Afganistango artistaren marrazkia da. Moriako sutea irudikatzen du, eta errefuxiatu familia bat handi ihesi.
Hamairu kulturgilek hartuko dute parte
Zaporeaken aldeko egitasmo honen bitartez, pertsona errefuxiatuei euren babesa erakutsi nahi izan diete parte hartuko duten kulturgileek. Zehazki, hamairu dira: Amets Arzallus, Maialen Lujanbio eta Beñat Gaztelumendi bertsolariak; Gorka Urbizu, Ruper Ordorika, Musergo, Anari, Juantxo Arakama & Lilith Selektah, eta Ibon RG musikariak; J Martina musika taldea; eta Harkaitz Cano, Jose Luis Otamendi eta Jule Goikoetxea idazleak.