Zubietako erraustegiak airearen kalitatea "hobetzen" duela dio Gipuzkoako Aldundiaren ikerketa batek
Gipuzkoako Aldundiaren Ingurumen sailak erraustegiaren inguruko ikerketa bat egiteko eskatu zion Envira ingeniaritza enpresari, eta eurek egindako txostenaren berri eman dute. Iazko udazkenean hasi ziren probak egiten eta lehen zaborrak erretzen Zubietako azpiegituran. Ordutik airearen kalitatean eragin ezkorrik ez dela esan dio ikerketaren txostenak, eta erraustegiaren inguruko ingurumen adierazleak “hobetu” dituela.
Enpresak iazko urritik aurtengo apirilera bitarte egin zituen neurketak, bi zonatan. Batetik, Zubietan, Lasarte-Orian eta Usurbilen, eta bestetik, Ordizian eta Urretxun. Zehazki, PM 2,5 partikulen emaitzak, metalenak, dioxinenak eta furanoenak aztertu dituzte, eta erraustegiko lehen frogen emaitzekin alderatu dituzte.
Aldundiak azpimarratu du egindako neurketa guztiak estatuaren, Europaren eta Munduko Osasun Erakundearen zuzendaritzek ezarritako mugen azpitik daudela. Horrela ere, Usurbilen bariazio batzuk topatu direla jasotzen du txostenak, nahiz eta ez dituen lotzen erraustegiarekin.