Bi ezkontza eta hileta bat
‘SALIR DEL ROPERO’
Zuzendaria: Angeles Reine
Urtea: 2019
Herrialdea: Espainia
Rosa Maria Sardak eta Veronica Forquek osatutako bikote komikoa (eta erromantikoa), Lanzaroteko kosten irudi liluragarriak eta, talde teknikoan, askotan sarituak izan diren izenak… Zer atera daiteke gaizki maila honetako komedia erromantikoan? Bada, Angeles Reineren debutak erakusten duenez, gauza asko. Eseri eta eroso jarri, film honek eserlekuan mugitu ezinik utziko baitzaitu, eta ez, bereziki, arrazoi laudagarriengatik.
Eva (Ingrid Garcia Jonsson) Edinburgon bizi den abokatu gazte eta arrakastatsua dugu. Familia eskoziar ultrakontserbadore baten oinordekoarekin ezkontzear dagoela, bere etorkizuneko planak hankaz gora jartzen dira, 74 urteko amona Sofiak (Veronica Forque) bizitza osoko Celia lagun minarekin (Rosa Maria Sarda) ezkontzeko bere asmoa aditzera ematen dionean. Ezkontzaren inguruko zurrumurruak isilarazteko, herrira itzuliko da Eva eta, bere harridurarako, ezkontzaren alde agertuko dira familiaren ezagun gehienak.
«Tolerantziari buruz hitz egitea, zoriontasunaren bilaketa eta maitasunaren indarra dira istorio hau kontatzera bultzatu nauten arrazoi nagusiak» aitortzen du zuzendariak. Tolerantzia, zoriontasuna, maitasuna… ai! nola maite dituzten hitzok eta noraino diren kapazak haien esanahia husteko! Ostadarraren bandera baino, trapu zuria astintzen du filmak: «bakoitzak bere bizitza bizi dezala» lelopean, lesbianismoaren errepresentazio guztiz hutsala eta despolitizatua darabilen heinean.
Dena dela, izan gaitezen errealistak eta ez gaitez joan zumarrari gari eske. LGTB pertsonaien errepresentazioan kale egiten du filmak, baina hori, zoritxarrez, aurreikusi genezakeen. Kontua da, beste edozein komedia dramatikoren parametroetatik aztertuta ere, filmak ez duela gehiegi eskaintzen. Haien artean loturarik gabeko pasadizoak kateatzea, garrantzirik gabeko pertsonaien garapenean tematzea edo gaurkotasun asmo artifizial eta gehiegizkoak umorearen aldetik ere hankamotz uzten dute Reinéren proposamena. Gidoia hain da kaxkarra non, Forqué, Sarda eta Jonssonen mailako antzezleek ere ez duten, haien distiraz, zintari bizitza ematea lortzen.
Film honek, dena den, ez dezala irakurlearen aste honetako LGTB filmen agenda agortu. Izan ere, hau irakurri ondoren lesbiana bikote helduen istorio errealei buruzko zinemaren gogoz geratu bazara, hortxe dago itxialdian zehar hain iruzkindua izan zen A secret love (2020), hirurogeita hamar urtez haien maitasuna sekretuan mantendu zuten emakume beisbol jokalarien inguruko dokumental hunkigarria. Dokumentala izateak, gainera, abantaila badu; txiste errazekin topatuko ez zarenaren bermea, hain zuzen ere. Niri gertatzen zaidan bezalaxe, ordea, andre adintsu maitekorrak gozoegiak baldin badira zuretzat, ez galdu The ballad of Genesis and Lady Jaye (2011) izeneko dokumental pipertsua, Genesis eta Lady Jaye artisten bizitza betetzen zuen maitasun zoroaren lekuko egingo zaituena.