"Ekitaldiak hitza lehenetsiko du, mezu argi batekin: errefuxiatuen egoerari erantzun bat eman behar zaio"
Antiguako frontoiak Zaporeaken aldeko larrialdiko kultur emanaldia hartuko du bihar, eta euskal gizarteari babesa inoiz baino gehiago eskatzen ari da Donostian jaiotako GKEa. Izan ere, Morian gertatutako suteak egoera are zaurgarriagoan utzi ditu han bizi ziren 13.000 pertsona errefuxiatuak Irati Azkuek, Zaporeak proiektutik, azaldu duenez.
Zaporeak proiektuaren aldeko kultur egitasmoa egingo duzue bihar. Nondik sortzen da ideia?
Larrialdi egoera batetik dator. Joan den asteko asteartean Moriako errefuxiatuen kanpamentua, kiskali zen. Eremu guztia desertu bihurtu da. Europako errefuxiatu esparrurik handiena zen, eta 13.000 errefuxiatu bizi ziren han. Egun batetik bestera, Moria eta Mitilene Lesboseko hiriburu bitarteko errepidean barreiatuta eta nora ezean geratu ziren gehienak, ez aurrera ez atzera egiteko aukerarik gabe. Aski ezaguna zen errefuxiatuen egoera, baina gertatutakoak gaia hedabideetako lehen lerroan kokatu du berriz ere. Egoera horren aurrean, hainbat eragilek Zaporeak proiektuaren atea jo zuten. Alegia, egitasmoa eurak proposatu ziguten, Zaporeak babestuz, pertsona errefuxiatuei euren ekarpena egin nahi zietelako. Eta guri ikaragarria iruditu zitzaigun. Izenburuak dioen bezala, larrialdi emanaldia da, eta geu ere horrelaxe harrapatu gaitu; korrika eta presaka antolatu behar izan dugu.
Nola izan zen gerturatze prozesua?
Talde txiki batek atea jo zuen. Zaporeaken babes osoa zutela ikusita, bi aldetara pedalei eragiten jarri ginen. Beraiek, arte eta sorkuntza arloko eragileen taldea handitzeko asmoarekin; Zaporeakek, lekua, baimenak eta abar lortzeko helburuarekin. Gainera, nabarmentzekoa da kultur eragileren batek agenda aldatu duela ekitaldian parte hartzeko.
Zertan datza zehazki kultur ekitaldiak?
Oso ekitaldi xumea, goxoa, eta bildua izango da. Kultur eragile bakoitzak beretik bere aletxoa eskainiko du. Beraz, pilula txikiak izango dira, ez kontzertu moduko bat. Hurrenkera jakin batean, eta musikak girotu eta lagunduaz, ekitaldiak hitza lehenetsiko du, mezu argi batekin: errefuxiatuen egoerari erantzun bat eman behar zaio, eta horiek gure agintariek dituzte. Hausnarketaz eta gogoetaz asko izango du, eta gaiak norberari sentiarazi eta erraietatik sortarazi dion hori plazaratuko dute. Edozein kasutan, niretzat ere sorpresa da, ez baitakit zehazki bakoitzak zer egin behar duen.
Egoera ikusita, beste kanpaina bereziren bat abian jarri zenuten zuek ere?
Bai. Moriako kanpalekuan, 2.300 otordu inguru prestatzen genituen egunean eta banaketa antolatu bat genuen. Moriako suteen ondoren, lehenengo bi egunetan 4.500 otordu ekoitzi genituen egun bakoitzean. Larrialdia zenez, laguntza humanitarioa behar zuten bai ala bai. Greziako gobernuak ez zuen halakorik bidali hiru edo laugarren egunera arte. Bien bitartean, Zaporeak eta beste hainbat GKE buru-belarri lanean aritu ginen, bakoitza bere baliabideekin, lehen baino bi aldiz gehiago lanean. Gainera, ur falta zegoenez, ura ere banatzen hasi behar izan ginen. 4.500 otordu emateak, eta ura erosi eta banaketa egin behar izateak izugarrizko astindua eman zion gure aurrekontuari. Hiru ezpa lau egunetan aurrekonturik gabe geratu gara. Ondorioz, larrialdi alarma jo genuen egoera salatu eta laguntza ematen jarraitu ahal izateko. Egiten ari garen lanaren erritmoa mantentzeko diru gehiago behar dugu.
Lanean buru belarri ari zaretela, PCR proba batean positibo eman duen pertsona batekin kontaktua izan, eta hainbat egunez sukaldea itxi behar izan zuten. Kolpe hori jasota, zer sentitu duzue?
Frustrazio handia sentitu dugu. Han zeudenentzat, bereziki, oso gogorra izan da Lesbosen zegoen egoera ikusi eta hainbat egunez ezin laguntzea. Hala ere, lanean beste modu batera jarraitzeko aukera izan dugu. Zorionez, egunerokoan, Zaporeak beste hainbat GKErekinelkarlanean aritzen da, eta horri esker itxialdian ere gure ekarpena egin dugu. Nola? Zaporeak proiektuaren baliabideak beste hainbat GKEri utzi dizkiegu, esaterako, ibilgailuak eta biltegiak. Erosketak egiten ere jarraitu dugu, beste hainbat erakundek bana zitzaten. Eta bigarren PCR probetan negatibo eman ondoren, asteazkenean bertan, lanera itzuli ginen.
Une honetan, 4.500 otordu banatzen jarraitzen duzue?
Ez. Orduz ordu aldatzen doa, baina atzo 3.000 otordu prestatu genituen, beste hainbat erakunderekin lanean. Izan ere, lehen esan bezala, Greziako gobernua bere cateringa egiten eta banatzen hasi zen egun batzuk beranduago.
Edozein kasutan, gobernuak eginiko banaketa ez dago batere ondo antolatua eta izugarrizko arazoak ditu: bi orduko ilarak, emakumeak alde batean eta gizonezkoak bestean, bero izugarria, hala moduko janariaren kalitatea, eta abar. Gainera, militarrak janaria banatzen saiatzen zirenean, pertsona errefuxiatuak koldartu egiten ziren. Horregatik guztiagatik, gobernuak GKEoi laguntza eskatu ziguten. Bi gauza adostu genituen gobernuarekin eta poliziarekin: batetik, gobernuaren banaketa ofiziala, eta bestetik banaketa paralelo bat GKEen eskutik, beraiek egiten zutenaren osagarri. Baina dena adostuta bazegoen ere, asteartean banatzen hasi eta gelditzeko esan ziguten. Prestatutako janariaren zati bat banatu gabe geratu zen. Antza denez, iritziz aldatu dute eta banaketa honi uko egiten zaio, baina ez dakigu zergatik. Are gehiago, atzo ere liskarrekin esnatu ziren, polizia eta militarrak gasa botatzen hasi baitziren, pertsona errefuxiatu guzti-guztiak kanpaleku berrian sartu nahi dituztelako.
Nolakoa da kanpaleku berria?
Itsas-ertzetik oso gertu eraiki da, lau edo bost egunetan, lehen tiro praktikak egiteko erabiltzen zen eremu batean. 5.000 pertsona sartzeko kanpin-dendaz hornituta dago, baina hor sartu nahi dituzte 12.000 lagun horiek. Pertsona errefuxiatuek ez dute horra joan nahi, atxilotze eremua baita, eta mobilizazioak egin dituzte. Baina Greziako Immigrazio ministroak mehatxua egin die: horra sartu ezean, ez dira asilo eskaera prozesuak burutuko, eta Moria zaharrean erregistro prozesuko dokumentu guztiak erre direnez, jendea erregistratu gabe dago. Honi guztiari Europar Batasunaren erantzun falta gehitu behar zaio. Adin txikiko batzuk hartuko dituztela esan dute. Baina gainontzekoak nork hartu behar ditu?
Hemendik jasoko duzuen dirua zertan inbertituko duzue zehazki?
Beti bezala, otordu txukun bat eskaintzen premia gehien duten horientzat guztientzat. Premia, berez, denek dute, baina ezin dugu guztiengana iritsi. Edozein kasutan, guk janaria prestatzen jarraituko dugu, geure lana egiten, eta ahalik eta zirrikitu gehienak baliatzen. Modu batera ez bada, beste batera.