Erraldoi baten legatua Donostian
Altzoko Handia denon ahotan egon da berriz azken asteotan, Aranzadi Zientzia Elkarteak bere hezurrak aurkitu baititu Altzoko hilerrian. Bere jaioterrian ez ezik, Donostian ere gozatu daiteke ‘Handia’ filma inspiratu zuen gizonaren legatuaz.

Migel Joakin Eleizegi Altzoko Handia-ren historia ezaguna zen gurean, baina Jon Garaño donostiarrak eta Aitor Arregik 2017an Handia filma egin zutenetik aski ezaguna da hemendik at ere. Horren erakusgarri da Euskal Herriko zein Euskal Herritik kanpoko hedabideek jakinarazi berri dutela Aranzadik Eleizegiren hezurrak aurkitu dituela.
Akromegalia zuen Eleizegik, eta 2,40 metro neurtzera heldu zen. Europatik bere handitasuna erakutsi zuen, eta herrialde ugari bisitatu ostean, jaioterrira itzuli zen. 1861ean hil zen, 43 urte zituela. Bere hezurrak Altzoazpiko hilerritik lapurtu zituztela uste zuten askok, baina frogatu da ez zela halakorik gertatu.
Altzon ez ezik, Donostian ere badago Eleizegiren legatuaren zatitxo bat, San Telmo Museoan. Hain justu, lau grabatu (horietako batek Eleizegiren benetako tamaina erakusten du), bi kapela, eskularru pare bat, oinetakoen moldea eta erabiltzen zuen aulkia ditu museoak. Objektuak ikusita, gezurra dirudi pertsona batenak izan zirela, zinez tamaina ikusgarria baitute; eskularruek, esaterako, 33 zentimetro luze eta 16 zentimetro zabal neurtzen dute, pertsona arrunt baten eskuen bikoitza, gutxi gorabehera.
Museoaren arabera, 1917tik dituzte objektu horiek, eta ordutik daude erakusketa iraunkorrean, “Euskal Herriko eta zehazki Gipuzkoako pasarte eta pertsonaia ezagun baten bizipenak eta garai hartako testuinguruaren erakusgarri” direlako.
Handiaren ondorengo bat hirian
Donostian Altzoko Handiaren ondorengo bat bizi izan zen urte luzez: Maria Luloaga Sarriegi (1913-2018), Antiguako amona gisa ezaguna. Luloagak noizbait bere buruari galdetu bazion non zeuden bere aurrekoaren hezurrak, lasai deskantsatu dezake orain, ez baitira Altzotik mugitu.